Fagor-Amica itunak, Sareteknikari mesede

Fagor etxetresnak merkatuan egoteak zerbitzu teknikoa ematen duen enpresaren enpleguari lagunduko dio. Ituna otsailerako egin, eta etxetresna berriek uda atarirako beharko lukete dendetan

xabier martin
Donostia
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Fagor marka berriro merkatura itzultzeak zeharkako eragin positibo bat izango du enpleguaz ari bagara. Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotaren ondotik sortu zuten Sareteknika, eta, gaur egun, zerbitzu teknikoa ematen duen enpresa sendo bat da Euskal Herrian, 250 enplegu inguru dituena. Bada, enplegu horrentzat mesedegarri izango da Poloniako enpresak Fagor ekoiztea, kontuan hartuta Fagor markako etxetresnen zerbitzu teknikoa ematea dela haren jardueraren zati handi bat. Amica etxetresnen mantentze lana ere egiten du Etxebarrin (Bizkaia) zentro logistikoa duen kooperatibak, beste hainbaten artean.

Fagor markaren geroa argituz doa, Fagor S. Coop jabeak eta Kataluniako CNA konpainiak akordioa lortu eta gero. Epaitegietan elkarren aurka zituzten helegite guztiak bertan behera utzi, eta marka bere jabera itzuli da, Arrasatera. CNAk, berriz, lortu du Edesa Industrialen konkurtsoan egindako ituna aurrera ateratzea, hartzekodunen kita handia tarteko. Hark Edesa ustiatzen jarraitu ahal izango du, haren jabetza Fagor Etxetresnen konkurtsoan erosi zuenez.

Ia aldi berean, Amicak eta Fagor taldeak akordiorako oinarria egin dute poloniarrek beren lerro zuriko etxetresnei Fagorren zigilua jartzeko. Itun hori otsailerako egin beharko lukete aldeek, BERRIAk jakin duenez; horrek esan nahi du uda atarian iritsiko liratekeela dendetara Fagor etxetresna berriak. Amicari lehenbailehen merkaturatzea interesatzen zaio, Fagor S. Coop.-i royalty-ak ordaintzen hasiko baitzaizkio ituna egin bezain laster. Besteak beste, indukzio plakak, labeak, hozkailuak, garbigailuak, ontzi-garbitzaileak eta mikrouhin labeak merkaturatuko dituzte Fagor markaz.

Euskal marka historikoaren merkaturatzeak ez du enplegua sortuko Euskal Herrian, zerbitzu teknikoan izango duen eraginaz harago. Poloniarrek herrialde horretako lan kostu txikien hauspoaz ekoizten dituzte etxetresnak, eta, gaur egun, munduko 50 herrialdetan saltzen dituzte. Euskal Herrian etxetresnak ekoizteko azken saioa —CNArena— porrot handia gertatu zen; izan ere, Europako beste handiak ere, Siemens Boschek, aspaldian atera zuen ekoizpena Europako mendebaldetik, Turkiara eramanda, adibidez.

Horiek horrela, Amicarekin egindako akordioak, eta laster iritsi daitezkeen beste hainbatek, garbi utzi dute Fagor markak bere ospearen zati bati eusten diola merkatuan, eta sektoreko konpainiek beti izan dutela interesa markaren gainean, hark salmenta kopuru bat berma dezakeela uste dutelako.

Etxetresna txikiak ere bai

Zein dira erdiets daitezkeen beste akordioak? Etxetresna eta gailu elektriko txikien esparruetan enpresa batekin baino gehiagorekin egin daitezkeenak. Konfort alorrean, Fagor berogailuak klasiko bat dira jadanik, Geyser Gastechen fabrika ohiari esker. Sektoreko konpainia lider Vaillant Bergarako enpresaren %50en jabe zen Fagor Etxetresnak porrot egin aurretik, eta hark edota beste lehiakideren batek interesa izan dezake Fagor berogailuak merkaturatzeko.

Beste hainbeste gertatzen da eltzeen negozioarekin. Fagor eltzeek Espainiako merkatuaren kuota handi bat izan zuten orain gutxira arte, eta haren lehiakide izandako hainbatek interesa izan dezakete euskal zigiluaz saltzeko. Arrasateko taldeak iragarri du Amicaren akordiorako oinarriaz gain beste hainbat itun irits daitezkeela, negoziazioetan dagoelako hainbat konpainiarekin.

Fagorren lehen helburua, markari dagokionez, enplegua sustatzea izan da urteotan, eta horregatik utzi zion marka CNAri oso tratu egokian harentzat. Porrot handi horren ondoren, ordea, erabaki du ordua dela royalty-en bidez hari etekina ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.