Fagor

Fagor-Brandteko ordezkariek laguntza eskatu diote Frantziako Gobernuari

Fagor Etxetresnen Frantziako filialeko ordezkari sindikalak Berrindustrializazio eta Enplegu ministerioetako arduradunekin bildu dira. 

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 4a
16:27
Entzun

Ziurgabetasuna eta beldurra dira nagusi Fagor Etxetresnak kooperatibak Frantzian duen Brandt filialeko 1.800 langileen artean, haien ordezkari sindikalek nabarmendu dutenez. Filialak Aizenay eta La Roche-sur-Yon (Vendee departamenduan) eta Vendome (Loir et Cher) eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansen (Loiret) ditu plantak. Brandteko ordezkariek etzirako deitu dute “ohiz kanpoko batzorde zentrala” Fagorren porrotaren ostean filialaren egoeraren berri emateko, eta sindikatuek “albiste txarrak” espero dituzte, Fagorren Frantziako filiala hartzekodunen lehiaketan geratzea, esaterako.

Gaur goizean bi orduko bilera egin dute CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC et FO  sindikatuetako ordezkariek Frantziako Berrindustrializazio eta Enplegu ministerioetako ordezkariekin, Parisen. Bileraren amaieran Christian Legayk (CFE-CGC) azaldu duenez, sindikatuek Estatuaren laguntza eskatu dute "lantegiak ahal bezain laster" lanean hasi ahal izateko. Gobernuak ez dio eskaerari erantzun zuzenik eman. "Entzun gaituzte eta ziurtatu digute neurriak hartuko dituztela langileei laguntzeko eta lan tresnari eutsi ahal izateko". 

Ezer erabaki aurretik, Jean Marc Ayraulten gobernuak jakin nahi du zer gertatuko den etzi Fagor-Brandten enpresa batzorde zentralaren bileran, enpresak Rueil-Malmaisonen (Hauts de Seine) duen egoitzan. Ostegunean beste bilera bat egingo dute, Ministerioaren Bercyko egoitzan ere; Loiret, Loir-et-Cher eta Vendée departamenduetako ordezkariak ere han izango dira.

Sindikatuek ez dute ezer onik espero etziko bilera horretatik. "Kiebra deklaraziorako argiak berde daude", azaldu dio AFP agentziari Laurent Prevost CFDTko ordezkariak. Langileak haserre daude egoerarekin eta berehalako irtenbideak nahi dituzte, lana badutela uste baitute. "Lehentasuna lanera itzultzea da, eskaera zorroak beteta baitaude Gabonak arte", ziurtatu du Prevostek.  Eskaerak baino, hornikuntzak dira arazo, hornitzaileak lantegietara materiala bidaltzeari utzi baitiete ordainketarik jaso ez zutelako. 

Sindikatuek ziurtatu dute Fagor-Brandt enpresa "bideragarria" dela, eta horregatik eskatu diote zuzendaritzari ahaleginak egin ditzala enpresa salbatzeko. Haien arabera, Fagor Etxetresnen Frantziako adarrak 250 milioi euroren zorra du, 142 milioi banku eta hornitzaileekin, eta 108 milioi euro, berriz, Mondragonekin berarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.