Egitura

Fagor ingelesaren erortzea

Hedapen nahiak ia hondoratu egin du Ingalaterrako kooperatiba handienaren bankua. Inbertsio funtsen menpe geratuko da

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 24a
10:37
Entzun

Oker irtendako hedapen politika baten ondorioz, kinka larrian dago kooperatiba bat. Atera dira kritikoak kooperatibismoaren hutsuneak eta mugak nabarmentzera eta ekonomia soziala gutxiestera. Berregituraketak zauri handiak eragin ditu, eta adar bati soilik eragin arren, talde osoaren izen ona auzitan jarri da. Fagor Etxetresnak eta Mondragon? Ez, Ingalaterrako Co-operative Group eta Co-op Bank.

Neurri batean Mondragon britainiarra da Co-op Group. 1844an sortu zen, Ingalaterrako iparraldean —Manchesterren du egoitza—; gaur egun 100.000 langile ditu, zazpi milioitik gora bazkide, eta 200.000 milioi euroren diru sarrerak. Euskal kooperatiba taldea ez bezala, ez da nagusiki industria talde bat, zerbitzu talde bat baizik. Hileta zerbitzuak, farmaziak, auto saltokiak, bidaia agentziak eta tresna elektrikoen dendak baditu, baina, batez ere, supermerkatu kate handi bat da: 3.000 saltoki ditu, gehientsuenak Ingalaterran, baina baita Eskozian eta Galesen ere. Erresuma Batuko nekazari handiena ere bada Co-op, 28.000 hektarea lantzen baititu.
Baina ez dira horiek arazoak sortu dituztenak, finantza adarra baizik. Co-op bankuari ia 1.800 milioi euroren zuloa aurkitu zion kapitalean Erresuma Batuko bankuen agintaritzak. Gehiegitxo 324 bulego dituen banku batentzat, eta are gehiago kapitala zabaltzeko sozietate anonimoek dituzten erraztasunak ez baditu.

Taldeak diru hori guztia jartzerik ez zuenez, Co-op Bankek akzio bihurtu beharko ditu bere zorrak, eta, ondorioz, haren hartzekodunen kontrolpean geratuko da. Akzioen %70 hartzekodun handienek izango dituzte, Silver Point Capital eta Aurelius Capital AEBetako inbertsio funtsak buru dituztela. Funts putre ospea dute bi horiek, hau da, hondoratzen ari diren enpresez merke jabetzen direla etekin bat ateratzeko. Uste denez, maiatzean Co-open zorra zabor mailara jaistean hasi ziren erosten. Bankuaren gainontzeko %30ari eutsiko dio Co-op taldeak, baina horretarako ia 500 milioi euro jarriko ditu. 

Operazioa ez da oraindik gauzatu. Hilabetea amaitu aurretik egingo da, eta baliteke aurrera ez ateratzea. Izan ere, bankuaren zorra zuten 15.000 inbertitzaile txikien gehiengo batek ere onartu beharko du zor zaien diruaren zati bat galtzea eta beren bonuak beste batzuengatik trukatzea. Huts egiten badu, Co-opek iragarrri du ez duela dirurik jarriko eta bankua likidatu beharko dutela. Aurrera egiten badu, bulegoen %15 itxiko ditu, eta 10.300 langileetatik asko botako dituzte. Hurrengo urteotan dirua galduko duela ohartarazi du.
Bonuen eta akzioen trukaketa onartuko balitz Co-op Bankekin zer gertatuko den da zalantza. Bi inbertsio funtsek agindu dute bankuaren irizpide etikoak eta izpiritu kooperatiboa errespetatuko dituztela. Paperek hori egin behar duela diote, baina beste kontu bat da zer gertatuko den. Izan ere, akziodun berrien helburua ez da ekonomia soziala finantzatzea, baizik eta beren inbertsioari etekina ateratzea.
Hau da, irabazia lehenetsiko dutela beste ezein irizpideren aurrean.

Nola geratu da kooperatiba bat inbertsioen marrazoen esku? Krisi honetako biktima askoren moduan, hazteko gogoaren ondorioz. Kasu honetan, gainera, estrategia horrek bultzada politikoa izan du. Co-opek lotura historikoak izan ditu Alderdi Laboristarekin, eta hura gobernuan zegoela, 2007an, Britannia building society edo eraikuntza mutualitatea bereganatzera bultzatu zuen. Gobernu laboristaren asmoetako bat zen lau banku nagusiek duten nagusitasuna pixka bat gutxitzea, eta horretarako Co-op Banken neurri handiagoa behar zuela uste zuten.

Arazoa da Britannia ustel zegoela barrutik, eta krisiarekin batera Erresuma Batuko eraikuntzaren burbuila ere lehertu zenean etxebizitzei edo eraikin komertzialei lotutako mailegu  asko huts egiten hasi zirela.

Britanniarena ez da izan, ordea, arazo bakarra. Ehunka milioi euro galdu ditu bere sistema informatikoa berritu nahian eta aseguruetan. Eta are zulo handiago batean sartzeko zorian ere izan da, Lloyds bankuaren 631 bulego erosteko saioarekin. Kasu honetan, gobernu kontserbadore-liberal demokrata izan zen operazio horren bultzatzaile, baina apirilean amore eman zuen banku kooperatiboak. 

Gainbegiratzaileak

Krisiak zalantza handiak eragin ditu talde osoaren kudeaketa moduari buruz. Kezka horiek handitu dira jakitean bankuko administrazio kontseiluko kide gehienek ezer gutxi zekitela bankuei buruz. Azken admnistrazio kontseiluan erizain bat, igeltsero bat eta baratzezain bat zeuden, eta haien buru Paul Flowers zegoen, bankuen jardunari buruz «arrastorik ez» zuela aitortu zuen Eliza Metodistako artzain bat. Ekainean aurkeztu zuen dimisioa. 

Bankuen gainbegiratzaileek ere kritika handiak jaso dituzte. Iazko apirilean ohartarazi zioten kapitala behar zuela eta ez zegoela Lloydsen bulegoak erosteko moduan, baina ez zuten ezer egin operazioa geratzeko edo bankuko buruzagitzan ordena pixka bat jartzeko. Horretarako presio politikoak jaso zituztela esan dute komentarista batzuek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.