Fagor kaudimengabetzat jo du Malagon epaileak, eta likidazioa gertuago dago

Borondatezko konkurtsoa onartu, eta CNMV eta Banco Popularren esku utzi ditu administratzaileak

xabier martin
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fagor Etxetresnak geroan izan daitekeena argitzen hasi da epaitegian. Pedro Malagon Donostiako Merkataritza Arloko titularrak Fagor Etxetresnen eta Fagor Irelanden borondatezko konkurtsoak deklaratu ditu, eta Poloniako lantegiaren prozesua ere (Fagor Mastercook) Donostian kudeatuko dela berretsi du, kooperatibak nahi zuen moduan. Horrez gain, konkurtsoaren administratzaile bi egongo direla jakinarazi du: lehena CNMV merkatu arautzaileak izendatua, eta bigarrena Banco Popularrek izendatua. Hura da pribilegio orokorreko hartzekodunen artean zulo handiena duena.

Informazio horrekin batera, Fagor Etxetresnen kontuen inguruan argia eman du bi ebazpenetan. Enpresa «kaudimengabea» da, 355,7 milioi euroko aktibo korrontea duelako eta 362,4 milioiko pasibo korrontea. Aktiboaren herena, gainera, ezin da dirutara bihurtu, taldearen enpresetan egindako inbertsioak baitira. Beraz, enpresak ezin du «likidezia bermatu», eta enpresaren kaudimengabezia frogagarria da. Altxortegian «muturreko» egoera ikusi du Malagonek. Emaitza 0,1 milioi eurokoa da, 100.000 euro alegia.

Likidazioaren erabakia, aurki

Epaitegiak egin duen kooperatibaren lehen diagnostikoa argia da, eta, hari jarraituz, seguruenera hartzekodunei ordaintzeko likidazioaren bidea jarraitu beharko dela ondoriozta daiteke, zati batean edo osotasunean. Epaileak dio enpresak ez duela bere ondasunen likidazioa eskatu, baina ez duela, era berean, hartzekodunekin egindako itun proposamenik egin.

Kooperatiba nagusiaren eta Fagor Irelandeko kudeaketa onartzen duten jakinarazi beharko dute hala CNMVk nola Banco Popularrek bost egun barru beranduenez. Poloniako Fagor Mastercookentzat, KPMG enpresa izendatu du epaileak. Beraz, astebetean lanean izango dira administratzaileak, eta likidazioaren aukera zabaltzen den edo beste alternatibarik ba ote den (atal batzuen jarduerarekin jarraitzea, adibidez) jakiteko txosten bat aurkeztu beharko dute lau hilabeteko epean beranduenera. Hala, berandu jota, 2014ko martxorako likidazioaren erabakia hartua beharko du.

Edesako langileen oharra

Azaroaren 13an eskatu zuen Fagor Etxetresnen Kontseilu Errektoreak konkurtsoa Donostiako epaitegian. Aurretik, Frantzian (Fagor Brandt) eta Polonian (Fagor Mastercook) eskatua zuen hartzekodunen lehiaketa. Konkurtsoaren aurrean ez zuen lortu finantzaketarik 170 milioiko bideragarritasun plan batentzat.

Edesa, Grumal eta Project dira konkurtsora eramango dituzten hurrenak. Edesarena asko atzeratzen ari da, aurreko astean epaitegian izango zela iragarri baitzuen zuzendaritzak. Hango langileek baztertu egin dute mobilizazio gehiago prestatzea, Mondragonekiko «konfiantza keinu» gisa. Ostegunean egin zuten manifestazioa Basaurin, han dagoen plantako lanpostuei eustearen alde. Hala ere, jakinarazi dute itxialdian jarraituko dutela. Edozein modutan, hilaren 4tik Basauriko (Bizkaia) lantegian egiten ari diren itxialdiarekin aurrera jarraituko dutela ere jakinarazi dute. Era berean, Basaurirekin harremana izango luketen edozein ekintzatan parte hartzeko jarrera azaldu dute.

Edesako langileek Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, beraz, langabezia saria jasotzen dute. Fagorreko gainerako langileek Lagun Arorekin aseguru pribatu bat daukate, eta bertatik jasoko dute langabezia saria. Hori dela eta, Edesako langileak beldur dira Mondragonek ez ote dituen Fagorreko kooperatibistak eurek baino lehenago birkokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.