Pedro Malagon epailearen bulegoan lana pilatu da azken egunetan. Fagor Etxetresnen likidazio planari helegiteak jarri dizkiote eragileek, hala eskaintzak egiteko prest dauden enpresek, nola kontratua hausteko dosierrean dauden 300dik gora soldatapekoen ordezkariek. Mondragon taldeak ere jarri ditu bereak; garrantzitsuak inondik ere enpleguak sortzeari lotutako irizpideei begira, Arrasatek gutxieneko enplegua sortzea exijituko duelako Fagor, Aspes eta beste marka zein patenteak uzteko. Donostiako Merkataritza epaitegiko titularrak interes gurutzatu horiek guztiak kudeatzen ari da likidazio plana onartu aurretik. Ostiralerako espero da epailearen autoa; hala balitz, astelehenean eskaintzak jasotzeko epea zabalduko litzateke. 25 lanegun leudeke eskaintzak egiteko. Beraz, ekainaren bukaera aldera jakin daiteke Fagor Etxetresnen geroaren zati garrantzitsu bat.
Catak, Cevitalek eta PHIk eskaintzak egingo dituztela aurreratu dute; azken orduan beste multinazionalen bat ere sar daiteke enkantean; «ez baztertu», esan dio Mondragon taldearen inguruko iturri batek BERRIAri. Horregatik, beharbada, Catak prozesua azkartzearekin lotutako helegitea sartu du. Kataluniarrak egosketan sartzeko «jauzia» egiteko prest daude, eta «urduritzen» hasi direla dirudi.
Arrasateko taldeak ere egin dezake eskaintza bat, etxetresna txikien atalean 80-90 bat lanpostu sortzeko kooperatiba baten bidez. Aste honetan hartu beharko du azken erabakia. Zerbitzu teknikoan ere beste kooperatiba bat sortzeko aukera egon zen, baina dagoeneko ez, administratzaileek ez dutelako atal hori modu independentean jaso likidazio planean; egosketa, etxetresna txikiak eta konfort hiru multzo handien barruan doaz zerbitzu teknikoak, banatuta.
Royaltyen sistema
Edonola ere, inbertitzaileek badakite Fagor marka ekoitzi eta saldu nahi badute zein den bidea; aurrez aurre entzun dute: «Debagoiena bailaran ahalik eta enplegu gehien bermatzea». Mondragonek jokoaren arauak garbi utzi ditu epaileari igorritako bi helegitetan. Lehenean gutxieneko lanpostu kopuruak zehaztu ditu: 200 egosketan (Garagartza, Arrasate), 100 konforten (Geyser, Bergara) eta 50 etxetresna txikien atalean (Eskoriatza). Kopuru horietatik behera ez ditu inork Fagor marka eta patenteak lortuko.
«Mondragonek ez du administratzaileen rola hartu nahi», dio iturriak. Baina «haiekin eskuz esku» joan nahi du prozesuan, eta enplegu sorrera hauspotzea da irizpidea. Sistema bakuna ezarri du markaren inguruan: Eskoriatzan, adibidez, 50 enpleguk finkatzen badute gutxienekoa, 50etik 100 lanpostu bitartean royalty batzuk negoziatuko dira, «baina bigunak». 100 enplegutik gora, berriz, marka musu truk jasoko luke ahalezko inbertitzaileak.
Fagor Taldeak, markaren jabeak, marka erabiltzen jarraitu behar du, taldeko beste kooperatibek beti egin duten bezala, eta Fagor izenarekin etxetresnak ekoizten eta saltzen duenak ezingo du hori ahaztu. «Marka zaindu egin behar da; hori ez dago negoziatzerik». Garbigailuak Txinan ekoitzi nahi dituenak royalty askoz ere garestiagoei egin beharko die aurre, «negoziazio gogor bati, alegia».
Arrasateko taldearen bigarren helegiteak langileen kontratazioen puntuaketari erreparatzen dio. Administratzaileen planak 0,55 puntuatzen die enpresei Gizarte Segurantzari lotutako langileak kontratatzeak (Edesa, Grumal eta FEDeko soldatapekoak), eta 0,45 Fagor Etxetresnetako bazkideak kontratatzeak. Batzuk zein besteak kontratatzeak berdin puntuatzea eskatu du Mondragonek, 0,50. «Ez da alde handia, baina Fagor Etxetresnak bazkideek sortu zuten; hori ezin da besterik gabe ahaztu».
Argi dago kontratazio politikaren inguruan interes kontrajarriak azaleratzen ari direla Mondragon eta kaleratze dosierrean sartuta dauden 300dik gora langileen artean. Haien ordezkariek ere helegiteak jarri dizkiote likidazio planari, ELAk (6 ordezkari langile batzordean) eta LABek (1). Sor daitezkeen lanpostu berrietan metalaren lan hitzarmena aplikatzea eskatu dute, esate baterako; baita ahalezko kontratazio horiek «blindatzea», hiru urte baino lehen kaleratzerik bada enpresentzat penalizazioak egotea. Inbertitzaileek sortutako lanpostuen erdia nahi dute sindikatuek erregulazioan dauden langileentzat, Grumal, Edesa eta FEDeko soldatapekoentzat.
Mondragonen lehentasuna, berriz, bazkideak dira, eta sortzen den enpleguaren zati garrantzitsu bat haientzat izan dadin bere esku duen tresna boteretsua da oso: Fagor marka. Geyserren (Bergara) 140 bazkide daude lanean gaur egun (Geyserren erdia Vaillantena delako, eta hari ez diolako konkurtsoak eragin). Haiek Gizarte Segurantzara pasatzea proposatuko luke Arrasatek, adibidez PHIk hartuko balu enpresa, betiere bazkide bakoitzaren oniritziarekin. Eta beste ataletan sortzen den gainontzeko enpleguaren erdia behintzat, bazkideentzat gorde nahiko luke. Argi dago bazkideek Gizarte Segurantzara —eta lan baldintza berrietara— aldatzeko har dezaketen erabakian pisu handia izango duela bazkide gisa egindako urte kopuruak eta langileen adinak. Gazteenek urratsa errezago egin dezaketela pentsa daiteke, Lagun Aron kotizatutakoa gutxiago izango delako.
Dosierra, bertan behera
Fagor Etxetresnak (FED), Edesa eta Grumaleko langileek, gainera, gai gehiago dituzte Malagonen bulegoan zain. Langile batzordeak jarritako helegitea aintzat hartu zuen epaileak, eta bertan behera dago kaleratze dosierra gaur egun. Bankuek saldutako Fagorren menpeko ekarpenen azalpen orrietan, Fagorrek Mondragon taldearen gainontzeko konpainiekin duen harremana argi uzten duela arguditu zuen batzordeak; horrek zalantzan jarriko luke kontratuak hausteko arrazoi ekonomikoak daudela. Malagonek auzi hori argitu beharko du, halaber, kontratuak hausteko dosierra aurrera doan ala ez jakiteko. Enpresari agiriak eskatu dizkio, ekarpenen publizitatea aztertzeko, eta aste batzuetan egon daiteke erantzuna.
Fagor marka doan uzteko prest dago Mondragon enplegu kopuru batetik gora
Fagor Taldeak gutxieneko lanpostu kopurua exijituko die etxetresna txiki, egosketa eta konfort ataletan markak nahi dituzteneiLikidazio plana ostiralerako onartzea espero da; astelehenean hasiko lirateke eskaintzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu