Enpresak

Fagor Taldeak pandemiara egokitzen jakin du, eta 28,4 milioiko irabazia lortu du

2020. urtean aurrekoan baino salmenta apalagoak izan dituen arren (1.260 milioi euro), «espero baino emaitza hobeak dira»

Fagor Arrasateren instalazio bat. IKERLAN
xabier martin
2021eko maiatzaren 31
17:16
Entzun

Koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatutako merkatuan, aurrera egiten jakin du Fagor Taldeak, eta «espero baino emaitza hobeak» lortu ditu. 1.260 milioi euroko fakturazioa izan dute Fagor osatzen duten kooperatibek, guztiak ere Mondragon Korporazioko kideak (Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electronica, Fagor Industrial, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Assembly eta Galbaian), eta, salmenta horiei esker, 28,4 milioi euroko mozkinak lortu dituzte 2020. urtean.

Enpresa talde horrek Batzar Nagusia egin du, eta Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizak garbi utzi du ez dela urte erraza izan euskal industriaren abangoardian dauden taldeko kideentzat, «ziurgabetasun handia» egon delako urte osoan; baina taldeko zortzi kooperatibek «erresilientzia» erakutsi dute. «Dena den, COVID-19aren ondorioak ezin dira ahaztu emaitzak aztertzean», esan du Alustizak: «konfinamenduan egoera oso zaila bizi izan dute enpresek». Hala ere, «aurrera begira» jarraitu dute Fagorren, «etorkizuneko apustuei eutsita», eta, egokitzeko gaitasun horri esker, taldeak 1.260 milioi euroko fakturazioa lortu du, eta 28,4 milioiko irabazia.

Enpleguari dagokionez, 5.000 langilek dihardute taldeko zortzi kooperatibetan, Euskal Herrian. Nazioarteko lantegiak ere kontuan hartuz, kopuru hori halako bi da lantaldea: 10.000 langile. Fagor Taldeak Jasangarritasun Estrategia 2030 onartu du, eta zenbait konpromiso hartu ditu hamarkada honetan aritzeko: «Enplegua sortzeko negozioak transformatzea, ekonomia digital, deskarbonizatu eta zirkular batean; gobernantza eredu demokratikoa garatzen eta hobetzen jarraitzea, pertsonek beren onena emateko eremu egokiak sortuz». Ingurumen larrialdiaren aurrean, karbono aztarna gutxitzea da beste konpromiso horietako bat, eta beste bat, lurraldearen transformazioan eragile izatea, «komunitateari ekarpena eginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.