Joan den asteartean eskatu zioten likidazioa Fagor Etxetresnetako kudeatzaileek Pedro Jose Malagon Donostiako Merkataritza arloko epaileari. Bi egun baizik ez ditu behar izan baiezkoa emateko. Likidazioarekin Fagor Etxetresnen hartzekodunei zor zaien diruaren ahalik eta zatirik handiena itzultzea izango da administratzaileen helburu nagusia. Ezinezkoa izango da dena itzultzea, Fagor Etxetresnek mila milioi eurotik gorako zorrak baitzituzten 2013ko azaroan, konkurtsoa eskatu zutenean.
Azken asteotan hainbat enpresak azaldu dute interesa lantegien eta makineriaren truke. Eskaintzetako bat Kataluniako Cata taldearena izan daiteke. Etxetresna txikiak egiten ditu, eta horregatik interesa du Eskoriatzako lantegian. Kataluniako beste lehiakide baten izena ere azaldu da azken egunotan, Taurusena hain zuzen ere. Eskoriatzako lantegia eskuratzeko eskaintzen artean Mondragon taldearena berarena ere izan daiteke. BERRIAk jakin duenez, Fagor Etxetresnen barruan proiektu bat garatu du orain arte jarduera kudeatu duen talde batek. Etxetresna txikien jardueraren inguruan kooperatiba bat sortzea da egitasmo horren helburua, eta horretarako bideragarritasun plan bat garatu dute. Mondragon taldearen esku utzi dute negozio ikerketa, eta Mondragon korporazioa plan hori aztertzen ari da enplegu gehiago salbatzeko aukera gisa; Arrasatek luze gabe erabakiko du haren inguruan. Baiezkoa balitz, likidazioan eskaintza bat egin beharko luke enpresa berria martxan jartzeko.
Hortaz aparte, Bergarako Geyserrek ere hautagai batzuk badituela zabaldu da azken egunotan. Berogailuak egiten ditu Geyserrek, Konfort adarraren barruan. Haren erdia aterako dute likidaziora, beste erdia Vaillantena baita; Fagor Etxetresnen eta Vaillanten arteko joint-venture bat zen Geyser. Lanean dira gaur egun Vaillanten zatiari esker.
Lerro zuriko etxetresna handiak dira interes txikiena piztu dutenak balizko aktiboen erosleen artean. Hala balitz, Arrasateko San Andresi egingo lioke kalterik handiena, Garagartzak, egosketaren zatiak, izan baitezake eroslerik. Cevital bera, esaterako. Eskaintza zehatzak jaso aurretiko aurreikuspenak dira horiek, dena den. Fagor Etxetresnen aktiboek piztu duten benetako interesa laster ikusi ahal izango da.
Frantziako adarra
Beste bide bat jarraitzen ari da Fagorren Frantziako atal handia. Cevitalek lau lantegietako bi erosteko eskaintza egin du (Vendome eta Orleans), eta Euskal Herriko aktiboetan ere interesa azaldu du. Ezer erosi aurretik, ordea, Fagorrek Frantzian baliatzen zituen markak eskuratu nahi ditu (De Dietrich, Sauter, Vedette, Brandt eta Easycook). Marka horien jabetza, ordea, Fagor Irelandena da, eta haren likidazioa Malagonen esku dago. Aljeriako taldeak 25 milioi eskaini zituen marken truke, eta operazioa ixtear zegoela zirudienean, Malagon epaileak 35 milioi jartzeko eskatu zion Cevitali. Hurrengo egunotan argituko da afera.