Enpresak

Fagorrentzat bideragarritasun "plan zorrotza" eskatu du Urkulluk

Kooperatibari emandako laguntzak legezkoak direla dio Eusko Jaurlaritzak. Lehendakariak auzitan jarri du Mondragonen jarrera.

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 23a
14:07
Entzun

Eusko Jaurlaritza Mondragon taldea estutzen ari da Fagorren berregituraketa gogorra egin dezan. "Bideragarritasun plan zorrotz bat ari gara eskatzen", esan du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, Ser irratian. 

Urkulluk auzitan jarri du korporazioaren jarrera etxetresnen kooperatibarekiko. "Lehendakari gisa, jakin nahiko nuke benetan Mondragon korporazioak egoerari talde gisa erantzun nahi ote dion, haiek hartu beharko dituztelako neurriak", esan dio Ser irratiari. Egunero ari dira hizketan Jaurlaritzako ordezkariak Mondragonekoekin, eta ikusita jendaurrean zer-nolako adierazpenak egiten ari diren, ez dirudi oso gustura daudenik elkarrizketa horien norabidearekin. Urkullu ez da azaldu prest Eusko Jaurlaritzak Fagorri azken urtean emandako maileguak barkatzeko, eta iradoki du Mondragonek berak esku hartuko behar duela laguntzen itzulketan, behin baino gehiagotan gogorarazi baitu Fagor Etxetresnak Mondragoneko kide dela.  

Fagorri emandako laguntza horien inguruan eztabaida sortu da EAJren eta PSE-EEren artean. Sozialistek haserrea adierazi dute jeltzaleak Jaurlaritzara itzuli eta berehala dirua utzi zietelako, jakinda zorrak pagatzeko erabiliko zela, eta ez inbertsioetarako. Laguntzaren legezkotasuna defendatu du gaur Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak. "Beharrezkoak" ziren, esan du Tapiak, eta egoki gastatu direla ziurtatu du: "Badakigu arriskuak zeudela, baina dirua ez da gastatu behar ez zen kontuetan. Jarraipen zorrotza egin dugu, hamabostean behin bilerak egin ditugu, eta ongi dakigu zertan gastatu diren 40 milioi horiek". Tapiak azaldu duenez, 40 milioi euroren mailegua eman zioten Fagor Etxetresnak kooperatibari, Ekarpen inbertsio elkartearen bitartez. Jaurlaritza dago Ekarpenen, baina baita hiru diputazioak eta Kutxabank ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.