EGITURA: ESKOZIA BURUJABEA

Faktura pagatu ala kobratu

Eskozia burujabearen egoera ekonomikoa da Edinburgon galdeketarako eztabaida nagusia. Aldeko eta kontrako datu zaparradaz blai, poltsikoan nola eragingo dien jakin nahi dute, batez ere, eskoziarrek.

Jon Fernandez.
2013ko abenduaren 8a
09:20
Entzun

Aberriaren mugak sarri, sarriegi, patrikaren mugek zehazten dituzte. Dirua da agintzen duena, Adam Smith eskoziarrak esango lukeen bezala. Liberalismoaren aita Edinburgon jaio eta hil zen, XVIII. mendean, Eskozia Ingalaterrako koroaren menpe geratu zen mendean hain zuzen. Hirurehun urte geroago, eskoziarrek berriz ere estatu burujabe izateko aukera daukate, eta eztabaidaren giltzarria dirua bilakatu da, ekonomia.

Euskal Herrian aspaldi entzundakoa da, abertzaleen aldetik entzun ere, independentzia lortuz gero bizitzeko adina izan ez eta azak jaten amaituko luketela euskal herritarrek. Katalunian ere estatu propioa sortzeak «porrot ekonomiko eta soziala» eragingo lukeela iragarri dute unionisten azterketa ekonomikoek. Edinburgon urtebete baino gutxiago falta da independentziari buruzko erreferenduma egiteko —2014ko irailaren 18an bozkatuko dute—, eta gori-gori dago eztabaida ekonomikoa.

Independentisten zein unionisten argudio munizioan ekonomikoak dira balarik indartsuenak. Ez horrenbeste sentimenduak —eskoziarren %83rentzat Eskozia da euren nazioa—. «Hobeto ala okerrago biziko naiz Erresuma Batutik kanpo?», «Zerga gehiago ala gutxiago ordainduko ditut Eskozia independente batean?», «Pentsio handiagoa ala txikiagoa izango dut?»... galdera horiek dira eskoziarren kezka nagusiak. Eta galdera horiei ematen dieten erantzunaren arabera bozkatuko dute alde ala kontra. 

Azken inkesten arabera, independentziaren kontra bozkatuko lukete herritarren %56k, alde %27k eta zalantzan daude %17. Independentziaren osteko Eskozia irudikatzeko ekonomia fikzioaren gerran unionistak irabazten ari diren seinale. Iazko urtarrilean, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak galdeketaren aurkezpen ofiziala egin zuen garaiko inkesta batek honako hau zioen: egungo bizi-maila ziurtatuz edo hobetuz gero, eskoziarren %65ek bozkatuko lukete burujabetzaren alde, eta soilik %25ek kontra; aldiz, independente izateak urtean pertsonako 625 euro galtzea ekarriz gero, soilik herritarren %21ek bozkatuko lukete alde eta %66k kontra.

Independentziaren faktura ordaintzekoa ala kobratzekoa izango ote den jakin nahi dute eskoziarrek; haren onurak nabarmentzen ari da Yes Scotland plataforma, eta kalteak, aldiz, Better Together plataforma. Edonor zorabiatzeko moduko zenbaki gerra da, eta azken bonbardaketa handia Salmondek berak egin du, joan den astean argudioz eta zenbakiz jositako Scotland’s future (Eskoziaren etorkizuna) bide orria aurkeztuta —Liburu zuria gisa egin da ezagun, eta 670 orri ditu—. Honako hauek dira eztabaida ekonomikoan askatu barik jarraitzen duten korapilo nagusiak:

1. Dirua

Independentzia lortuz gero Eskozia ez dela eurogunean sartuko eta libera esterlinarekin jarraituko lukeela azpimarratu du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren gobernuak. Zergatik? John Swinney Eskoziako Finantza ministroak iaz azaldu zion Berriari: «Gure esportazioen zatirik handiena Erresuma Batura joaten da. Hortaz, badu zentzua diru berarekin jarraitzeak. Gainera, momentu honetan auzi garrantzitsuak daude euroak dituen erronken inguruan. Luze gabe, egun duen ezegonkortasuna ikusirik, ez dut ikusten eurora batzeko gako ekonomikorik».

Erabakiaren kontra agertu dira unionistak, baina baita independentista sektore bat ere. Bozkatzaileak gehiegi ez urduritze aldera eta ez uxatze aldera, Salmond txikira jokatzen ari dela azaldu zuen Yanis Varufakis ekonomia irakasle greziar-australiarrak Scottish Times kazetan. Nolanahi ere, kontraesana agerikoa da. «Diru batasun arrakastatsu baterako batasun politikoa beharrezkoa bada, euroguneko krisiak hain gordin erakutsi duen bezala, zentzuzkoa ote da diru batasuna mantentzea batasun politikoa desegin nahi duzun horrekin? Erantzuna ezezko borobila da, Salmonden bide orria unionismoaren aliatu bihurtzen duelako nahi barik», Varufakisen ustez.

Kontrako jarrera politikotik, baina Angus Armstrong NIESR Erresuma Batuko Azterketa Ekonomiko eta Sozialen Institutu Nazionaleko zuzendaria ere bat dator irakurketa horrekin. Edinburgorentzat «aukerarik zuhurrena» dibisa propio bat sortzea litzatekeelakoan dago. Estatu bihurtuz gero Eskozia «egoera ekonomiko zailean» geratuko litzatekeela kalkulatu du NIESRek, eta liberaren menpe jarraitzeak geroko krisietan beharrezko neurriak hartzeko tartea txikituko liokeela azaldu du Armastrongek.

SNPk ahul ikusten du euroa, eta ez du Europako Banku Zentralaren nahietara egon nahi —libera batek 1,19 euro balio du—. Baina prest dago Ingalaterrako Bankuaren menpe jarraitzeko. Zailtasun ugari sor daitezke etorkizunean, banku zentralak, printzipioz, politika fiskalekin armonian aritu behar duelako, eta SNPk iragarria du aldatu egingo duela politika fiskala.

Erantzuna SNPren esku ez dagoen galdera ugari sortu dira: Ingalaterrako Banku Zentralak nola ezkonduko lituzke bi estaturen politika fiskalak? Arau fiskal bateratuak sortu behar lirateke bi estatuak harmonizatzeko, eurogunean bezala? Zelan banatuko lirateke Ingalaterrako Banku Zentraleko zuzendaritzako eserlekuak? Eskoziaren ordezkaritza gutxiengoan egongo litzateke beti? Londresko Financial Times kazeta ekonomikoa unionista da, eta galdera horien aurrean ohartarazpena egin die bai Erresuma Batuari bai Eskoziari: «Ez diogu eurogunearen izugarrikeriari ihes egin etxean antzeko zerbait sortzeko. Londresek diru politiken, finantza arauen eta krisien gaineko kontrolari eutsi behar dio. Eta argi esan beharra dago: gai hori ez da negoziagarria».

2. Banka

Balizko Eskozia independentearen banka sektorea sendoa litzatekeela baieztatu du Edinburgoko gobernuak, eta pieza gakoa herrialdearen ekonomian. Izan ere, Eskoziako ekonomiaren %25 hartzen du finantza negozioen sektoreak. Herrialdeko BPGaren %10 inguru sortu zuen banka sektoreak 2010ean, eta zuzeneko 85.000 lanpostu eta zeharkako beste 100.000 sortzen ditu.

Nazioartean sektore lehiakorra dela uste du Londresko gobernuak ere, baina txosten batean nabarmendu du banku sektore bereziki handia izango litzatekeela Eskozia independentearen BPGarekin alderatuta: Eskoziako bankuen aktiboak herrialdeko BPGaren %1.254koak dira. Eskozia barne hartutako Erresuma Bankuko bankaren aktiboak
BPGaren %492koak dira, eta, adibidez, Zipreko banka, joan den martxoan krak egin zuena, herrialdeko ekonomia baino %700 handiagoa zen.

Badago, gainera, beste zalantza bat. Eskoziako bi banku nagusiak Royal Bank of Scotland (RBS) eta HBOS izango lirateke, eta, hain zuzen, 2008an Londresek salbatu behar izan zituen krisiagatik. Downing Streetek 382.000 milioi euro jarri zituen RBS erreskatatzeko, Eskoziaren 2008ko BPGaren %211.

3. Zor publikoa

Edinburgoren eta Londresen arteko negoziazio gai nagusietako bat izango litzateke zorraren banaketa independentzia lortuz gero. Dena dela, aldekoak zein kontrakoak bat datoz Eskoziak Erresuma Batuak baino zor publiko txikiagoa izango lukeela. Eskoziako Batzorde Fiskalaren kalkuluen arabera —bi Nobel sari daude batzordean—, herrialde burujabeak BPGarekiko %75 inguruko zor publikoa izango luke. Kalkulu ezkorragoa egin du Londresko NIESR erakundeak: Eskoziak BPGarekiko %86ko zor publikoa izango lukeela uste du, baina aitortzen du Eskoziarik bako Erresuma Batuak zor handiagoa izango lukeela, BPGarekiko %102koa hain zuzen.

Hala eta guztiz ere, NIESR-ren arabera, Erresuma Batuan jarraituz gero, Eskoziak 3.585 milioi euro aurreztuko lituzke 2017-2018 urte fiskalean zorraren interesen ordainketan. Edinburgoren ustez, ordea, Eskoziaren arrisku saria ez litzateke handia izango, herrialde nordikoen parekoa baizik. Txikia, beraz.

4. Defizita

Gobernuaren kontuek zulo handia izango dutela iragarri dute unionistek; Edinburgo burujabearen defizit publikoa txikia izango dela, berriz, abertzaleek. 2016-2017ko urte fiskalean BPGarekiko %1,6 eta %2,4 arteko defizita izango duela uste du Edinburgoko gobernuak. Datorren urteko erreferendumean ezezkoak irabazten badu, Erresuma Batuak urte berean %3,4ko defizita izango du, Eskoziak baino handiagoa. NDFren kalkuluen arabera, hiru urte barru munduko zazpi ekonomia nagusiek %3,2ko defizita izango lukete, Eskoziak baino handiagoa.

Unionistek, berriz, «zulo fiskala» iragarri dute, eta horrek, automatikoki, eskoziarrei zerga igoera handia eragingo diela. Londresko IFS Azterketa Fiskalen Institutuaren arabera, independentziaren ondorioz Eskoziak BPGarekiko %1,9ko zuloari aurre egin beharko lioke, eta %0,8ko zuloari Erresuma Batuak.

Dena dela, zorraren eta defizitaren eztabaida argitzeko gakoetako bat da jakitea Ipar Itsasoko petrolio erreserbak Eskoziaren edo Londresen esku geratuko ote diren, edo zein proportziotan zatituko liratekeen, diru iturri erabakigarria izan baitaitezke defizit publikoaren tamaina txikitzeko ala handitzeko. Batzuen eta besteen jarrerak kontrajarriak dira, eta negoziatu egin beharko litzateke petrolio eta gas erreserben jabetza ere.

5. Zergak

Batez beste, eskoziar bakoitzari zergak urtean 1.194 euro igoko zaizkio independente eginez gero, Erresuma Batuko Ogasunaren arabera. Beltza da IFSk argitaratutako txostenaren iragarpena ere: «Aukerarik onenean ere, zor publikoa jaisteko neurri gogorrak hartu beharko lituzke Edinburgoko gobernuak. Gutxienez, gastu publikoa %6 jaistea, pertsona fisikoaren gaineko errenta %9 igotzea eta BEZa %28raino igotzea [%20koa da gaur egun]».

Bestelakorik dio, ordea, Alex Salmondek joan den astean aurkeztutako independentziarako bide orriak. Eskozia independenteko lehen gobernua SNPkoa balitz logela zerga delakoa ezabatuko lukeela iragarri du. Londresek ezarritako zerga da, eta gela bat hutsik duen familia bakoitzari laguntza sozialak txikitzen dizkio. Bestetik, laguntza fiskal batzuk inflazioaren arabera gaurkotuko dira. Sozietateen zerga hiru puntu jaitsiko duela ere agindu du, Londresen erakargarritasunari aurre egiteko. Gaur egun %20koa da sozietate zerga 360.000 eurotik behera fakturatzen duten konpainientzat, eta %23koa hortik gorakoentzat. Neurri horrekin 27.000 lanpostu sortuko liratekeela uste du Eskoziako Gobernuak. Bestalde, turismoa erakartzeko, hegazkineko bidaien zerga erdira jaisteko asmoa agertu du. Gainera, egungo zerga sistema sinplifikatuko lukeela ere hitzeman du Salmondek. SNPk ez du PFEZaren igoerarik aipatu.

6. Pentsioak

Gaur egun 140.000 pentsiodun «pobrezia erlatiboan» bizi direla azaldu du Edinburgoko gobernuaren Eskoziaren etorkizuna bide orrian. Independentziak egoera hori aldatzeko aukera ekarriko duela uste du Salmondek, eta Eskoziako pentsio sistemari «babes hirukoitza» ezarriko diola gaineratu du. Hau da, urtero gutxienez %2,5 igoko lirateke pentsioak, edo inflazioaren arabera edo BPGaren hazkundearen arabera, horiek %2,5etik gora haziko balira. Better Together plataforma unionistak, aldiz, arriskuan ikusten ditu pentsioak.

7. Petrolio erreserbak

Eskozia burujabearen ekonomian faktore garrantzitsuetako bat izango lirateke Iparraldeko Itsasoko petrolio erreserbak. Herrialdeko ekonomiaren berme bat lirateke, neurri batean, baina harekiko mendekotasuna lasta bihur daitekeela ere ohartarazi dute unionistek. «BPGaren %18 petrolioaren menpe egongo litzatekeelako, eta horrek munduko salgaien prezioen gorabeheren morroi bihurtuko lukeelako», The Economist Londresko kazetaren arabera.
Erresuma Batuko petrolio produkzioaren %98,8 eta gas naturalaren %60 Eskozian egiten da. Edinburgok urpean oraindik 24.000 petrolio eta gas upel daudela esan arren, txikituz doa erreserba. British Petroleumen datuen arabera, 3.100 upel zituen Erresuma Batuak 2012aren amaieran; 2002an, aldiz, 4.500 upel zituen. Hala ere, ekoizpena egunean bi milioi upelera igoko delakoan dago Salmond, eta, ondorioz, petrolioaren eta gasaren zergek ogasuna elikatuko dutela datozen hamarkadetan.

8. Energia berriztagarriak

Baina urre beltza ez da Eskoziaren motor bakarra izango. Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egina du dagoeneko Edinburgok, eta horrela jarraituko lukeela baieztatu du SNPk. «Nazioartean adostasuna dago energia berriztagarrien alorrean lidergoa gura dela. Oso aukera handiak ari dira zabaltzen; izan ere, Eskoziak behar duen baino energia gehiago sortzeko gaitasuna izango du», John Swinney Finantza ministro eskoziarraren esanetan. EBko olatu energia potentzialaren %10 du Eskoziak, eta EBko haize energiaren %25.

9. Beste datu ekonomiko batzuk

Orain arte aipatutakoez gain, bestelako datu ekonomiko batzuk ere eman ditu Salmonden gobernuak Eskozia burujabeko ekonomia irudikatu ahal izateko. Gutxieneko soldata bizitzaren kostuaren arabera igoko litzatekeela aurreratu du, Erresuma Batuak Eskoziak dituen arma nuklearrak kenduta Edinburgok 119.000 milioi euro aurreztuko lituzkeela. SNPren arabera, Eskozia independentea OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko 34 estatuen zerrendan zortzigarren postuan legoke BPG per capita-ri dagokionez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.