Asteazkenetik ostiralera AFM makina-erremintako klusterrak fabrikazio aurreratuaren eta makina-erremintaren 21. kongresua egingo du Miramonen, Donostiako Parke Teknologikoan. Hiru egunetarako prestatutako egitarau zabala azaltzearekin batera, sektorearen egoeraz hitz egin du gaur Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak, eta esan du 2017. urtea "positiboa" izaten ari dela makina-erremintarentzat.
"Iazko urtea ez zen berdina izan deformazio azpisektorearentzat eta txirbil harroketa azpisektorearentzat. Lehen horrek oso urte ona izan zuen, eta bigarrenak, normala". Edonola ere, eskarien iazko %22ko hazkunde "interesgarri" horretatik dator aurtengo lana, "eta horrek urtearen itxiera polita ekarriko digu. Pentsatzen dugu fabrikazioa %8-%10 inguru handituko dela eta esportazioen hazkundea ere gutxi gorabehera inguru horretan geldituko dela".
"Eskarien mailari dagokionez, gauzak iazko moduan doaz, hazkunde apal batekin, baina, ikusiz aurreko urtearen bukaera —eskariak asko handitu ziren azken hiruhilekoan—, ez dugu lortuko urtea iazkoaren gainetik bukatzerik". Hala ere, Ortuetaren ustez, urtea "ez da txarra izango". "Gainera, nazioarteko panoramari begiratuz, gauzak garbiago datozela ikusten dugu: Europan sendo, gogor ari da hazten industria; AEBetan eta Mexikon, gauzak hobetuz doaz; eta, Txinan eta Indian, abiatze txiki bat sumatzen dugu".
Zenbaki absolutuetan, ziurrenez, makina-erreminta sektorearen fakturazioa krisi aurreko kopuruetan, 2008. urteko zenbatekoetan, dagoela azaldu du Ortuetak. "Hori bai, alderaketa hori behar bezala egiteko, ariketa bat egin behar da hor: 2008tik honako inflazioa ere aintzat hartu behar da. Eta, hori kontuan izanda, oraindik ere bidea dugu krisi aurreko fakturaziora iristeko, %10%-15 inguru faltako da, jarduera zehatzaren arabera".
Espainiako merkatura begira, eskarien %70eko gainbehera ekarri zuen krisiak euskal makina-erremintarentzat. "Azken bi urteetan %30na izan da hazkundea, baina oraindik ere tarte handia dago, %35 bateko hazkundea, guretzat ona litzatekeen kopururaino". Ildo horretan, Espainiako aurrekontuek ondasun ekipoen erosketak noiz lagunduko dituen zain dago AFM.
Egitarau zabala
Etzi hasiko den AFMren kongresuak egitarau ikusgarria du, "orain arteko onena", Ortuetaren aburuz, "sektoreko gai gorienei" buruzko hitzaldi eta mahai inguruz betea, eta lehen mailako hizlariekin. Azkenean, sektorearen erronka da "digitalizazioarekin, 4.0arekin, zer egin jakitea; horri balioa nola eman jakitea". Besteak beste, honako hauek landuko dituzte kongresuaren hiru egunetan: digitalizazioak makina-erremintara dakartzan aldaketa guztiak; alorrean berrikuntzaren punta-puntan dagoen fabrikazio gehigarriaren erronkak; datu masiboak (big data) eta zibersegurtasuna; eta konektatutako industriarako beharrezko talentua.
Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak ere makina-erremintaren sektoreari lotutako herrialdearen erronkak aipatu ditu gaurko aurkezpenean. Aizpururen ustez, alorraren lehiakortasuna garatzea ezinbestekoa da, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta pertsonen parte hartzearen bidez. Gipuzkoako makina-erreminta, diputatuaren arabera, "aitzindaria" izan da industriaren digitalizazioari bidea ematen, eta gai horretan ez dute nahi "inongo enpresarik gelditzerik atzean". Makina-erremintan eta, oro har, fabrikazio aurreratuan dabiltzan sektoreetan talentuari buruzko kezka dagoela ere esan du Aizpuruk. "Enpresetan kezka dago". Izan ere, diputatuaren ustez, etorkizunak dakarren eraldaketari begiratuz, "inportantea da pertsonen ezagutza eta jarrera".