Familia-nekazaritza eredu baten alde

Nekazaritza eredu industrialaren ordez familia eredua lehenesteko aldarria egin dute UAGAko, ENBAko eta EHNEko nekazari eta abeltzainek Gasteizen. Bihar ere protesta egingo dute, enpresa fotovoltaikoen aurka.

Gaur goizean Gasteizen egindako mobilizazioa. L. RICO/EFE
Gaur goizean Gasteizen egindako mobilizazioa. L. RICO/EFE
Maixa Utrera Puelles.
2024ko martxoaren 19a
14:20
Entzun

Dozenaka nekazari bildu dira Gasteizen, lehen sektorearen garrantzia aldarrikatu eta familia nekazaritzaren eredua defendatzeko. Erakunde publikoek zenbait neurri eta konpromiso hartu dituzte azken hilabeteko mobilizazioek bultzatuta, baina nekazari eta abeltzainek uste dute instituzioak «entzungor» egiten ari direla beste alderdi askotan. UAGA eta ENBA sindikatuek eta EHNE konfederazioak deituta, Europa jauregiaren aurrean bildu dira 50 bat traktoretan bertaratutako nekazariak, euren aldarri eta eskakizunak biltzen dituen manifestua irakurtzeko.

Nekazariak Europa jauregiaren kanpoan ziren bitartean, jauregiaren barruan munduko landagunearen foroaren konferentzia globala egiten ari zen. Foroak egiten duen lana eta familia nekazaritzari egiten dion ekarpena nabarmendu ditu Xabier Iraola ENBA sindikatuko koordinatzaileak, eta familia ereduaren garrantziaz mintzatu da: «Kapitala jaun eta jabe den nekazaritza eredu industrialaren aurrean, familia-nekazaritza eredua lehenesten dugu. Nekazaririk gabeko nekazaritza bat nahi dute enpresek, baina guk familia oinarri duen ereduaren alde borrokatuko gara».

Iraolak eta Edurne Basterra UAGAko presidenteak irakurri dute manifestua. Aldarrikapen nagusia familia nekazaritza eta elikagaien iraunkortasuna sustatzea izan da, «komunitate sendoagoak, osasungarriagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko». Herritarrei babesa eskatu diete, eta «hitz hutsetatik haratago» joan beharra aldarrikatu.

Horren ostean, Mendizabalera eraman dituzte traktoreak, eta manifestazio bat egin dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaraino. «Espainiako Nekazaritza Ministerioari zuzendu nahi dizkiogu gure eskaerak. Saiatu gara hemen egin beharreko lanak eta Madrilen egin beharrekoak zehazten; horregatik goaz gaur Gasteizko ordezkaritzara». Bertan hitzartuta zeuden Marisol Garmendia ordezkariarekin, manifestua eta aldarrikapenak hari helarazteko. Garikoitz Nazabal EHNEko ordezkariak azaldu du Luis Planas ministroarekin biltzekoak zirela, baina azken orduko aldaketa «arraro» batek aldatu ditu aurreikuspenak.

Aurrerapausoak eta erronkak

Otsailaz geroztik hasi zituzten mobilizazioen ondorioz, erakunde eta instituzioek nekazarien egoera hobetzeko neurriak hartu dituzte, eta, Nazabalek adierazi duenez, «azken hamarkadan izan den negoziatzeko prestasunik handiena izan dute». Europako Batzordeak, esaterako, nekazarien gaineko kontrola arintzeko hainbat neurri hartu ditu, hala nola hamar hektarea baino gutxiagoko ustiategiak kontroletatik aske uztea eta satelite bidezko kontrolak eta ebaluazioak sinplifikatzea.

Egin diren urratsak «ongi etorriak» badira ere, Nazabalek argitu du hartutako neurri askok ez diotela eragiten sektore profesionalari: «Ondo dago nekazari txikienei betebeharrak kentzea, baina kontuan izan behar da hamar hektarea baino gutxiagoko ustiategi bat, barazkigintza ez bada, ez dela sektore profesionalaren barruan sartzen».

Oraindik ere, familia nekazaritzak «erronka ugari» ditu Basterraren ustez, klima aldaketa eta merkatu globaleko lehiaren arloan. «Horregatik defendatu behar dugu geure burua», adierazi du. Eta erakundeei eskatu die hitz egin beharrean «ekintza zehatzak» egiteko, hala nola, nekazaritza praktika jasangarrietan inbertitzea, nekazaritza organikoa sustatzea, eta nekazari txikiei eskuragarriago jartzea laguntza baliabideak eta merkatu justuak.

Protesta gehiago

Hau ez da izango aste honetako mobilizazio bakarra. Bihar ere kalera aterako dituzte traktoreak, Araba Bizirik-ek, UAGAk, Bionekazaritzak eta ATACAk deitutako beste mobilizazio batean. Traktoreak 11:00etan bilduko dira Lakuaren aurreko zelaian, eta 13:00etan iritsiko dira Miñaoko Parke Teknologikora. Zehazki, Solariako instalazioen aurrean amaituko da protesta.

Biharko mobilizazioan, enpresa fotovoltaikoen «makroproiektuen» aurkako aldarria egingo dute. UAGAk eta nekazariek behin baino gehiagotan salatu duten «jazarpen politika neurrigabearen» eta laborantza lurren «okupazioaren» aurka egingo dute protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.