Datu ezagun batek ustekabeko txar bat estali du. Jakina zen udako hilabeteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak ez zuela ez atzera ez aurrera egin (%0,0), joan den ostiralean Eustatek datua aurreratu zuelako. Baina gaur Eustatek datu horren xehetasunak ematean ikusi da familien kontsumoaren beherakada apaldu beharrean gora egin duela. Hau da, uztailetik irailera gerrikoa are gehiago estutu dutela familiek: urte arteko tasan %0,9 jaisten ari zen urteko bigarren hiruhilekoan, eta %1,3, berriz, hirugarrenean.
Azalpenetako bat da iazko irailaren 1ean BEZa igo zuela Espainiako Gobernuak, eta horrek kontsumoaren igoera ekarri zuela abuztuan eta, hortaz, urte arteko tasan.
Eustaten datuek erakutsi dute Gipuzkoa dela atzeraldia utzi duen bakarra. Aurreko hiruhilekoan utzi zion uzkurtzeari eta orain %0,3 hazi da. Bizkaiko ekonomiak %0,1 egin du atzera eta %0,3, berriz, Arabak. Araba da urte arteko tasetan jaitsiera handiena duena ere (-%1,3); Bizkaian eta Gipuzkoan %1 egin du atzera.
Industria hobetzen
Sektoreei erreparatuta, industriak bigarrenez izan du bilakaera positiboa, %0,1ekoa oraingoan ere. Lehen sektoreak ere egoera ikusgarria izan du (+%25), baina ohikoa da hori, uzta askoren garaia denez ekoizpena areagotu egiten delako udaberriarekin alderatuta. Iaz, esaterako, %25,3 hazi zen udan.
Aurreko bi hiletan gorantz egin ondoren, zerbitzuek %0,4ko jaitsiera izan dute, batez ere merkataritzak, ostalaritzak eta garraioen ondorioz (-%0,7). Eraikuntzak beheranzko bidean jarraitzen du, baina %0,2 baizik ez.
Urte arteko tasetan, berriz, sektore gehienek atzera egiten jarraitzen dute, baina aurretik baino tasa txikiagoan. Zerbitzuen jaitsiera -%0,7tik -%0,4ra igaro da, industriarena -%2,7tik -%1,9ra, eta eraikuntzarena -%6,6tik -%5,2ra. Lehen sektoreak, berriz, bi hamarren egin du okerrera, %1,8ra arte. Oro har, jaitsiera %1,1ekoa izan da, aurreko hiruhilekoan baina lau hamarren gutxiago. Eusko Jaurlaritzak hazkunde tasa negatiboak espero ditu datorren urtearen erdialdera arte.
Eskariaren ikuspuntutik, barne eskariak jaisten jarraitzen du (%1,8 urte arteko tasan), eta jaitsiera hori neurri batean konpentsatzen dute esportazio gero eta handiagoek.