Mikel Cabiecesi lotutako abokatuen bufeteari eginiko ordainketak "guztiz zilegi" ziren, Mario Fernandezek fiskalaren aurrean deklaratu ostean esan duenez. Ia hiru orduz izan da deklaratzen Kutxabankeko presidente ohia, eta azalpenak emateko aukera izateagatik "pozik" azaldu da irteeran.
Fernandezen esanetan, "zilegi" izateaz gain, ordainketa horiek ez zioten "inolako kalte ekonomikorik" egin bankuari. Nolanahi ere, erantsi du entitateari kalteren bat eragin bazion "arratsalde batean" konpondu zuela kalte hori. Ohartarazi du ez duela "leziorik" onartuko Kutxabanken inguruan: "Kutxabank nik egin nuen, nik eraiki nuen, ni borrokatu nintzen, eta Espainiako banku kaudimendunena zela utzi nuen". Cabiecesek ez du adierazpenik egin deklaratu ostean, eta soilik esan du "epaitegien garaia" dela.
Felix Rojo abokatua lagun zuela, 10:30ean iritsi da Cabieces PSE-EEko zuzendaritzako kide ohia fiskaltzara. Ordubete geroago heldu da Mario Fernandez. "Lasai" baina "erabat suminduta" dagoela adierazi du Kutxabankeko presidente ohiak. Amaitutakoan komunikabideen aurrean azalpenak emango dituela agindu du. Ustezko irregulartasunen inguruan azalpenak eman beharko dituzte biek.
Irregulartasunak
Urtarrilaren 30ean jakinarazi zuen Kutxabankek entitateko presidente ohia auzitara eramateko erabakia. Abokatu bufete batekin izenpetutako kontratu baten harira salatu dute Kutxabankeko presidente ohia. Cabiecesek bufete horrekin lotura duela-eta, PSE-EEn duen ardura utzi du hark. 243.592 eurokoa da irregulartasuna.
Astelehenean abiatu zuen ikerketa fiskalak, eta asteazkenean jarri ziren martxan deklarazioak; egun horretan hitz egin zuen fiskalarekin bankuko Giza Baliabideen zuzendari Fernando Lopez de Egilazek.
Fernandez deklaratzen ari zen bitartean, gaur goizean, elkarretaratzea egin dute Kutxabank publikoa aldarrikatzeko. Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du EAJren eta PSE-EEren jokaera "lotsagarria" ari dela izaten. "Nahi dute herritarrok sinestea irregultasunen auzi hori kontu pertsonala dela. Ergelak garela uste dute?". Gogoratu du Fernandez eta Cabieces EAJk eta PSE-EEk izendatuta egon direla euren karguetan. "Ez dira edozein, eta hau ez da kontu pertsonal bat".
Ugartebururen esanetan, argitu gabeko kontu asko daude: zergatik erabaki zuen Fernandezek Cabiecesi ordainketak egitea, nork agindu zion, zergatik, nork zuen gertatzen ari zenaren berri?
Ikerketa batzordea
Erreakzio politikoak bata bestearen atzetik eragin ditu auziak. Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzeko eskatuko du EH Bilduk. "Azalpenak emateari uko egingo baliote, agerian geratuko litzateke Kutxabank banku fundazio bihurtzearen helburua EAJren eta PSEren arteko ustelkeria akordioak ezkutatzea dela".
Aitzitik, Kutxabanken "zorroztasuna" defendatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak, berriz, adierazi du Cabiecesen abokatu bulegoak Kutxabanken 243.000 euro modu irregularrean jaso izanak ez duela zerikusirik alderdiarekin.
"Suminduta eta babesgabe" azaldu zen Fernandez salaketaren berria zabaldu eta biharamunean, esanez Kutxabankek ez diola ezer jakinarazi salaketaz. Horrez gain, bere ohorearen aurkako ekintzentzat "erantzun egokiak" agindu zituen.
Kutxabankek berak ezagutarazi duenez, Europako Banku Zentralak gertutik ezagutzen du gertatzen ari dena, Gregorio Billalabeitia presidenteak berak Frankfurteko egoitzan eman zuelako irregulartasunaren berri.