Fillonek baieztatu du gehienezko muga kenduko diotela zergei

'Zerga ezkutua' desagertuko da eta aberastasunaren gaineko zerga aldatuko dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Zergetan ordaintzen den diruak ez du mugarik izango Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. François Fillon Frantziako lehen ministroak atzo baieztatu zuen Nicolas Sarkozy presidenteak hilabete batzuk lehenago iragarritakoa: kendu egingo dutela zerga ezkutua, hau da, herritarrek zergetan gehienez diru sarreren %50 ordaindu behar dutela dioen neurria. Horrez gain, aberastasunaren elkartasun zerga (ISF) aldatu egingo dute eta 300.000 herritarrek ez dute ordaindu beharko. Apiril amaieran aurkeztuko dute lege proiektua; uda aurretik bozkatuko dute Parlamentuan.

Gobernuak men egin die oposizioaren eta alderdi barruko kritikei. Zerga ezkutua Sarkozyk sortu zuen, kargu hartu eta gutxira, 2007ko ekainean. Oposizioak gogor kritikatu izan du neurri horrek diru sarrera gehien dituztenei egin diela mesede batez ere.

ISF zergaren kasuan, zerga ordaintzera derrigortuta daude 790.000 euro baino gehiagoko ondarea dutenak. Frantziako Gobernuak egin nahi duen aldaketaren bidez, ez lukete zerga ordainduko gaur egun ordaintzen duten 300.000 herritarrek, erdiak baino gehiagok. Gobernuak dio 300.000 herritar horiek zerga ordaindu behar izan dutela, azken hamar urteetan etxeen prezioak asko garestitu direlako, eta, ondorioz, beren ondarearen balioa handitu egin delako. UMPko diputaturen batek esan du zerga ordaintzeko eduki behar den ondarearen muga 1,5 milioi eurora igo behar dela.

3.900 milioi euro

Aurten 3.900 milioi euro biltzea espero dute ISFren bidez. 2008an 566.00 herritarrek ordaindu zuten. 2008an ISF ordaindu behar zuten 821 herritarrek alde egin zuten Frantziatik, zerga ez ordaintzeko, Ekonomia Ministerioaren datuen arabera.

Sarkozyk iazko azaroan iragarri zuen zerga politikaren aldaketa. Ondarearen gaineko zerga berri bat sortu nahi zuen, «iraganeko akatsak» ez errepikatzeko. Akatsa da, Sarkozyren iritziz, zergak ondareari jartzea, errentei eta gainbalioei beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.