Finantza erakundeek diru gehiago jarri beharko dute berme funtsean

FROB funts publikoak izandako gastuak estaltzeko ardura ere izango du berme funtsak aurrerantzean

Erredakzioa
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bankuek, kutxek eta kreditukooperatibek ekarpen handiagoa egin beharko diote gordailuen berme funtsari datorren urtetik aurrera. Hala erabaki du Espainiako Gobernuak. Elena Salgado jarduneko Ekonomia ministroak azaldu duenez, gaur egun 6.600 milioi euroren baliabideak ditu funtsak, eta urtean 1.600 milioi euro gehiago lortzea da helburua. Espainiako Bankuen Elkarteari «bidegabea» iruditu zaio erabakia.

Bankuek beren betebeharrei aurre egin ezin dietenean, aurrezleen gordailuak bermatzen ditu funtsak, 100.000 euroko gehienezko mugarekin. Lortu dituzten gordailuen arabera, portzentaje bat ordaintzen diete finantza erakundeek berme funtsari. Gaur egun, milako 0,6 eta milako bat arteko ekarpena egiten dute; datorren urtetik, milako bi eta milako hiru artean. Izan ere, aurrerantzean beste zeregin bat ere izango du berme funtsak: finantza sektorea berregituratzeko lanetan Frob funts publikoak izango dituen gastuak estaltzea, besteak beste CAMi egindako 2.800 milioiko ekarpena eta Banco de Valenciari egindako mila milioiko ekarpena.

Finantza erakunde gehiagok porrot egingo balute, ez dago argibehar adina diru izango lukeen berme funtsak. Dena den, maileguak eskatzeko aukera ere badauka. Gainera, gordailuak bermatzeko eta arazoak dituzten erakundeak birkapitalizatzeko ardura Espainiak du; dirua amaituko balitz, beraz, estatuak aurre egin beharko lioke egoerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.