Azkenik, EBko Ekonomia ministroek finantza merkatuetako espekulazioaren aurkako araudia onartu egin dute. Herrialde guztiek alde bozkatu dute, Erresuma Batua izan ezik. Alde batetik, zor titulurik ez duten inbertitzaileei debekatu egingo zaie creditdefault swap izeneko finantza deribatuak kontratatu ahal izatea,herrialde batek porrot egitearen aldeko apustu gisa erabili ohi direlako. Bestetik, burtsan, enpresa baten akzioek beherantz apustu egiteko finantza operazioak (short selling) ere debekatuko dira.
Finantza araudia azarotik aurrera sartuko da indarrean. Atzo, azken tramitea bete zuten finantza ministroek. Aurretik, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuak eta EBren kontseiluak urrian hitzartu egin zuten araudi hori eta ondoren, iragan azaroan Parlamentuak berretsi egin zuen. Atzo, Ekofinek oniritzia eman zioten araudi horri. Berriro ere Erresuma Batua bakarrik geratu da, bozketan Londresko City-ren interesak lehenetsi ostean.
Lehen aldia da estaldurarik gabeko CDSak debekatzen direla. CDSak finantza munduan aseguru baten moduan funtzionatzen dute, baina ohiko aseguruekin gertatzen ez den bezala, ez da beharrezkoa estali beharreko aktiboa izatea (kasu honetan herrialde baten zor tituluak), eta ondorioz, espekulatzeko erabili daitezke: hau da, zor titulurik izan gabe, herrialde batek kiebra jotzearen alde egitea, ondoren CDS hori kobratzeko. CDSen negozio bolumenak eta prezioek zerikusi zuzena dute arrisku-sariarekin eta zorraren finantzazio kostuarekin.
Azarotik aurrera, CDSak erosi ahal izateko, inbertitzaileak frogatu beharko du bono kopuru jakin bat duela eta arrisku hori estali nahi duela. ESMA erakunde sortu berria arduratuko da baimenak banatzeaz.
Aurrekontuen kontrola
Aurrekontuen gaineko kontrol bateratuari buruzko bi araudi ere onartu dituzte Ekonomia ministroek. Ondorioz, estatukideek urriaren 15erako beren aurrekontuak bidali beharko dizkiete Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari. Kontrol zorrotzagoa jasango dute finantza erreskatea jaso dutenek edo estasun handietan daudenek. Batzordeak aurrekontuen aldaketa eskatu ahal izango du desoreka handiak ikusten baditu baina ezingo dio inori gomendatu erreskate bat jasotzea.
Finantza operazio espekulatiboak debekatzea onartu du Ekofinek
Finantza araudi berria azarotik aurrera jarriko da indarrean, Erresuma Batuak ez beste herrialde guztiek berretsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu