Finantzaketa eredu propioari buruzko negoziazioa hasi dute Katalunian

Beste alderdiek bezain urrun joan nahi ez duen arren, PPk onartu du «gehiegizko» defizita konpondu behar dela

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Artur Mas Kataluniako Generalitateko lehendakariak badu bilatzen zituen argazkietako bat: alderdi politiko guztietako buruzagi nagusiak, bere inguruan eserita, Kataluniaren finantzaketa sistema berriak zein izan behar duen negoziatzen. Oraintsu arte soilik nazionalisten eskaera zena Kataluniako gizarte osora zabaldu da azken urteotan, krisiak are argiago utzi dituenean oraingo sistemaren hutsuneak. PP bera ez da ausartzen orain oraingo ereduaren alde egiten.

Lehen bilera zen atzokoa, eta, espero zenez, ez zuten akordiorik lortu. Denak ados jartzea ia ezinezkoa izango da, uste bakarrak elkartzen baititu: oraingo finantzaketa sistemarekin Kataluniak behar duen baino diru gutxiago jasotzen du, bere lurraldean bildutakoaren zati handi bat ez delako itzultzen. Alicia Sanchez Camacho PPko buruak berak onartu zuen atzo defizit hori «gehiegizkoa» dela, eta lehentasuna krisiak duela esan arren, onartu zuen Kataluniak finantzaketa handiagoa behar duela. Hor bukatzen dira adostasunak.

Generalitatearen txostenek diote azken hamarkadan batez beste BPGaren %8 inguruko defizit fiskala izan duela Kataluniak Espainiarekin. Zenbatu ahal izan duten azken urtean, 2009an, 16.400 milioi. PSCk eta PPk auzitan jarri dituzte zenbaki horiek. Baina alderdi horien desadostasun nagusia Masek proposatu duen sisteman datza. Zerga Ituna deitzen dio berak, eta funtsean Hego Euskal Herriko bi erkidegoek duten sistema da: Generalitateak zerga guztiak biltzea, horien zati bat Espainiako Gobernuari ematea bere eskumenak ordaintzeko, eta zuzeneko zergen gaineko kontrola izatea.

PPk eta PSCk uste dute proposamena urrunegi doala, eta LOFCA orain erkidegoen finantzaketa arautzen duen legearen barruan —ez die EAEri eta Nafarroari eragiten— Kataluniak diru gehiago izango duen formulak nahiago dituzte: orain baino zerga gehiago biltzea PPk eta zergen bilketa eta haren gaineko eskuduntza partekatzea PSCk.

Zalantzak Uniorekin

Ikusteko dago zein jokaera izango duen Masek: PSCren botoa eta agian PPren abstentzioa eskuratzearren alde batera utziko du Zerga Ituna? Ala eutsi egingo dio, ICVren eta independentisten (ERC eta SI) babesarekin gehiengoa ziurtatuta daukalako?

Masen erabaki horretan pisua izan dezake Unio aliatuaren jokaerak. Ohi bezala, Masen Convergenciak baino jarrera epelagoa du Uniok Espainiari aurre egiteko orduan, eta ez du begi onez ikusi Masen 'B' plana. Hots, alde bakarreko erabaki baten ondorioz Generalitateak bere ogasun propioa sortzea. Jarrera horrengatik Uniori «traizioa» egoztera iritsi da CDCko burukide bat.

Josep Antoni Duran i Lleida Unioko buruak, ordea, ziurtatu du ez duela desadostasunik Masekin, eta hark bezala «ogasun propioa eta kutxaren giltza» nahi duela esan zuen atzoko bileraren amaieran. «Horiek izan daitezke batu gaitzaketen printzipioak», gaineratu zuen, eta onartu horrela zaila izango dela PP akordiora batzea, ez duelako oraingo sistemarekin hautsi nahi. Edonola ere, PPrik gabe aurrera egiteko prest azaldu da: «Batasunaren balioak ezin du anbizioak gutxitzea ekarri. Ezin diogu geure buruari gol bat sartu». PSCren jarrerarekin gusturago azaldu da Duran, bere sistema defendatu arren proposamen bateratua negoziatzeko prest azaldu delako. Masek uztailaren amaierako epea jarri du akordioa lortu eta harekin Madrilera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.