Lan erreforma

Findegien blokeatzeak etengo dituela agindu du Vallsek

Poliziak indarrez hustu ditu Fos-sur-Merreko findegia okupatzen zuten grebalariak.

Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 24a
08:43
Entzun

Goizeko lehen orduetan sartu dira poliziak Fos-sur-Mer herriko findegi eta petrolio biltegian, Marseilla barne duen Bouches-du-Rhone departamenduan (Proventza). Azken egunotan findegia okupatu duten CGTko kideek azaldu dutenez, ura botatzeko kanoiak eta negar gasak erabili dituzte segurtasun indarrek. "Indarkeria handiz oldartu zaizkigu", ziurtatu dio Reuters agentziari Emmanuel Lepine CGTko petrolio adarreko idazkariak, eta hainbat langile zauritu dituzte. "Erresistentzia inportante bati" aurre egin behar izan diotela onartu du Poliziak.

Ordu eta erdiko desblokeatze operazioaren ondoren, erregaia garraiatzeko kamioiak sartu dira findegian, inguruko gasolindegietara eramateko erregaia jasotzera. Ikusteko dago lortuko ote duten, langileek greba egitea bozkatu baitute. 

Fos-sur-Merrekoa igandeaz geroztik CGTko ehunka kide blokeatutako findegietako bat da. Horren bidez salatu nahi dute Frantziako Gobernuak indarrean jarri nahi duen lan erreforma. Okupatze horien ondorioz ezantza eta gasolioa amaitu da ehunka gasolindegitan.

Hurrengo orduotan desblokeatze operazio gehiago izan daitezkeela iradoki du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. "Nahikoa da!", esan du goizean RTL irratian, eta findegi gehiago "liberatuko" dituztela agindu du. Lan erreforman atzera ez duela egingo aldarrikatu du Vallsek. Maiatzaren 12an botorik egin gabe onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak, eta orain Senatuaren esku dago.

Frantziako zortzi findegietatik sei geratuta zeuden astelehen gauean, CGT, FO eta SUD  sindikatuen ekimenez. Guztiak gera daitezkeela iragarri du CGTk.

Totalek agiri baten iragarri du berak kudeatzen dituen bostetatik hiru geratuta daudela (Normandia, Feyzin eta Grandpuits), eta erdizka dabiltzala beste biak (Donges eta La Mède). Petrolio biltegi gehienak, ordea, irekita daude. Bretainian, esaterako, An Oriant (Lorient) eta Brest hirietako biltegietako blokeoa altxa dute goizean langileek, baina protestekin jarraituko dutela iragarri dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.