Fordek 1.500 lagun kaleratuko ditu, eta GMk beste 600

CGTk biharko grebara deitu ditu Renaultek Frantzian dituen fabriketako 41.000 langileak

Iker Aranburu.
2008ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Renaultek bere sindikatuei 4.000 lanpostu kentzeko plana aurkeztu zien egunean, beste bi autogilek kaleratzeak iragarri zituzten. Fordek jakinarazi zuen Almussafesen (Valentzia) 1.300 langile sobran dituela, eta General Motorsek zabaldu zuen 600 langile kaleratuko dituela Figueruelasen (Aragoi, Espainia). CGT sindikatuak grebara deitu ditu biharko Renaultek Frantzian dituen 41.000 langileak.

Focus modeloaren salmenten jaitsiera eragin du Forden iragarpena. Urtea amaitu bitartean egunean 1.400 auto ekoizteko prestatuta dago Almussafes, baina UGT sindikatuko ordezkariak berak onartu du mila ekoiztea askoz errealistagoa dela. Ondorioz, zuzendaritzak gaueko txanda asko gutxitu nahi du, eta 1.300 langileri eragingo dien enplegua erregulatzeko espedientea prestatuko du. Sindikatuek onartu egin dute langileak sobran daudela, baina eskatuko dute kalean geratzen diren langileek soldata osoa jaso ahal izatea. Almussafesko fabrikak 7.000 langile ditu eta uztailean Ka modeloa egiteari utzi ziotenetik, Focus eta Fiesta modeloak soilik geratzen zaizkio.

Kalera, urtebeterako

Figueruelasen, berriz, 600 dira gutxienez urtebeterako lanik gabe geratuko diren langileak. General Motorsek argudiatu duenez, salmentak %10 gutxitu dira eta neurri horretan gutxitu beharko du ekoizpenak ere. Figueruelasen Opel Corsa, Meriva eta Combi modeloak egiten dituzte, eta 7.500 lagun enplegatzen ditu.

Duela bi aste eskas GMk Europa osoan 5.525 lanpostu kentzeko plana atzera bota zuen -horietako 900 Figueruelasen-, kaleratuei kalte-ordaina emateko arazoak zituelako.

Salmenten jaitsiera denei eragin dien arren, beste marka batzuek lanpostuei eutsiko diete, oraingoz. Seatek esan du Martorellen (Katalunia) ez duela inor kaleratuko, eta malgutasun neurriak erabiliko dituela ekoizpena beharretara egokitzeko.

Berdintsu egingo du Citroenek Vigoko faktorian (Galizia). Ekoizpena %12 gutxitu dute urteko lehen seihilekoan, hau da, 40.000 auto gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.