Forondako aireportuaren ondoan industrialde bat kokatzeko proiektua berriz piztea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak, AENAk eta Gasteizko Udalak. Vitoria Industrial Air Park (VIAP) sortzeko ideia orain dela hamar urte aurkeztu zuten, baina, administrazioek proiektu estrategikotzat jo zuten arren, harrezkero ez du ez aurrera ez atzera egin.
Jaurlaritzak, AENAk eta Udalak atzo sinatu zuten akordioaren arabera, posible izango da 2013. urterako lehen enpresak parkean lanean hastea. Sustatzaileek maila teknologiko adierazgarria duten konpainiak bilatzen dituzte, eta, horien artean, sektore aeronautikoarekin zerikusia dutenak lehenetsi nahi dituzte. Industrialde berriak 54 hektarea izango ditu, eta eraikitzeko bi fase aurreikusi dituzte: lehenbizikoa 2013. urtean amaituko da, eta bigarrena, 2016. urtean.
Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euroko inbertsioa agindu du VIAP martxan jartzeko, Sprilur elkarte publikoaren bidez. Diru gehiena, 37 milioi euro, lehen fasean jarriko dute. AENAk, berriz, Forondan proiektuak egiteko duen aurrekontutik ordainduko ditu. 2004 eta 2014. bitartean 50 milioi eskura ditu, baina kopuru horretatik zenbat erabiliko den industrialdean ez dute zehaztu.
Parkeak bi gune izango ditu. Bat aireportuaren kanpoaldean egongo da, eta bestea barruan. Azken horretan aire garraioarekin lotura duten industria eta merkataritza jarduerak kokatuko dira. Sprilurreko zuzendari Jose Manuel Iturratek aurreratu zuen lehen hartu-emanak izan dituztela parkean egoteko interesa izan dezaketen enpresekin.
Sarbide berriak
Inbertsioen artean, aireportura beste sarbide bat eraikitzeko asmoa dute. Errepide hori 15,4 milioi euro kostatuko da, Jaurlaritzak jarriko duen diruaren laurden bat. Halaber, Zaia ibaiko urek gainezka egin eta gunea urez bete ez ditzaten hesi bat jarriko dute, 5,2 milioi euroko inbertsio batekin. Gasteizko Udalak hirigintza esku-hartze horiek guztiak errazteko eta azkartzeko konpromisoa adierazi du.
AENAko presidente Juan Ignacio Lemaren ustez, aire garraioko enpresak erakartzeko bitartekoa izango da VIAP. Forondako aireportuak 30 urte bete zituen iaz, bidaiari trafiko eskasarekin. Aldiz, merkantzien garraioan garrantzia hartu du, eta iaz 27.960 tona mugitu zituen.
Forondako industrialdea 2013. urterako irekiko dute
Hamar urte ez aurrera ez atzera igaro ditu Arabako aireportuaren ondoan VIAP proiektua gauzatzeko asmoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu