Foru Administrazioan lau langiletik bat buruzagia da

LABen arabera, zortzi kontseilarik karguak dituzte enpresa publikoetan: adibidez, Armendarizek 9 ditu

joxerra senar
2008ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Maiz salatzen da Nafarroako Gobernuaren bezerokeria eta inguruan sortu duen enpresa publikoen sare erraldoia, baina LABek salaketa horri zifrak eta datuak gaineratu dizkio. Nafarroako Gobernuko Administrazioan ustelkeria zuriaren liburu beltza aurkeztu zuen atzo, hain zuzen ere gobernuaren egoitza aurrean. Igor Arroyok argudiatu du liburu horren bidez zer erakutsi nahi izan duten: UPNk interes berekoiak soilik dituela buruan, Nafarroaren interesen defentsa aldarrikatzen duenean: «Ez dira nafarzaleak, diruzaleak baizik».

Ondorioetako bat da 1996tik administrazio barruko egituran buruzagitzak %40 ugaritu egin direla -Hezkuntza eta Kultura departamenduan, esate baterako, %80-, eta, gaur egun, lau langiletik bat buruzagia dela. Hala, LABen arabera, egoera hain da «eskandalagarria» gobernuko 55 ataletan eta 252 bulegotan ez dutela menpeko inor, «beren burua baino». LABek kalkulatzen du buruzagitza horien erdiak murriztu eta kobratzen dutena maila apaleneko (C, D, eta E) funtzionarioen artean banatuko balitz hilean bakoitzari soldata 69 euro igoko litzaiokeela.

Goi karguak gobernuak aukeratzeko aukera badu ere, atal eta bulego buruak aukeratzeko legeak eskaintza publikoa egitera behartzen du. Haatik, LABen beste ondorio bat da «atal eta bulego buruzagitzen erdiak hatzez izendatuak izan direla».

Datuak Corte Inglesen esku

Pribatizazioen erakusle, Ogasun departamenduan, zergadunen soldata, ondare eta finantza datuak Corte Inglesen menpeko IECISAk kontrolatzen ditu. Baina, batez ere, Gobernuak osatutako enpresa publikoen sare «ilun eta korapilatsua» salatu du LABek, euren jardueraren gaineko kontrola zailtzeko «zuzendaritza postuak eta administrazio kontseiluak artifizialki biderkatu direlako». Guztira, egun, 32 enpresa publiko daude Nafarroan. Horietako hiruk (Start-up, Saldosa eta Riegos de Navarra), nominan langilerik ez badute ere, administrazio kontseiluak dituzte -Start-UPek 18 kide ditu, adibidez-. Enpresa publikoetako administrazio kontseiluetan gobernuko kontseilariak eta zuzendari nagusiak topa daitezke. Adibide moduan, Jose Javier Armendariz Industria sailburuak bederatzi kargu ditu.

Enpresa publikoetatik, 22k dietak banatzen dituzte, eta gobernuko kontseilari bakoitzari batez beste 4.403 euro dagozkie, LABen arabera. Enpresen arabera, soldatak asko aldatzen dira. Baina enpresa publiko esanguratsuenak, Sodenak, 13 langile ditu: horietatik bost zuzendariak dira, hiru gestoreak eta bost langileak. Batez beste urteko 76.452 euro kobratzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.