TTIP

Frantziak TTIPen negoziazioa behin betiko etetea eskatuko du

"Ez dago babes politikorik", Matthias Fekl Frantziako Kanpo Merkataritzako estatu idazkariaren esanetan

TTIParen aurkako protesta bat, Herbehereetan. MARTEN VAN DIJL / EFE
Jon Fernandez.
2016ko abuztuaren 30a
10:04
Entzun

EBko Kanpo Merkataritzako arduradunek irailaren 22an Bratislavan egingo duten bileran egingo du Frantziak eskaera ofiziala. Parisek TTIPen gaineko negoziazioak behin betiko eteteko eskatuko die EBko kideei eta Europako Batzordeari, Matthias Fekl Frantziako Kanpo Merkataritzako estatu idazkariak azaldu duenez. Bi urte daramatzate AEBek eta EBk Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoaren Ituna (TTIP) negoziatzen, baina hamalau bilera sailetan ez dira ados jarri eztabaidatutako 27 gaietako bakar batean ere. 

Azkenaldian, gainera, indarra hartu du merkataritza itunaren kontrako mugimenduak Europan. "Eten argi, garbi eta behin betikoa egin behar da", Feklen ustez. "Dagoeneko ez dago Frantziaren babes politikorik".  Negoziazio prozesua aipatu du etena arrazoitzeko, hasieratik "gardentasunik barik" egin direlako eztabaidak, eta "deskonfiantza eta beldur handia" sortu duelako prozesuak. Bere iritziz, gaur egungo egoerarekin eta klima politikoarekin ez da posible negoziazioekin jarraitzea. 

Negoziazioak amaitutzat eman nahi ditu Parisek, aurrerago berriz ere ekiteko. "Etorkizunean oinarri berri batzuen inguruan negoziatu beharko genuke AEBekin, oinarri moderno batzuen inguruan". Nolanahi ere, Feklek ez du argitu ez zeintzuk izan beharko luketen oinarri berri horiek, ez zenbat denbora pasatu beharko litzatekeen berriz ere negoziazioei ekiteko. 

Itunik ez lortzearen errua AEBei bota die Frantziak: "Estatubatuerrek ez dute ezer ematen, eta ematekotan apurrak baino ez dituzte ematen. Horrela ez da negoziatzen aliatuen artean". Ez da lehen aldia Parisek TTIPekiko mesfidantza publikoki agertu duena. Joan den maiatzean François Hollande Frantziako presidenteak esan zuen ezezkoa emango liokeela TTIPi AEBek EBren eskariak aintzat hartzen ez baditu. 

Frantziaren amaiera eskaera polemika betean dator, herenegun hiltzat jo baitzuen prozesua Alemaniako Ekonomia ministroak, eta atzo kontrakoa argudiatu baitzuten Angela Merkel kantzilerrak eta Europako Batzordeak: negoziaizoak oraindik bizirik daudela, eta urtea amaitu baino lehen ixtea espero dutela AEBen eta EBren arteko merkataritza ituna. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.