Frantziako Konstituzioaren trikimailu hori erabilita zentsura mozio bat arriskatu du Vallsen gobernuak, baina uztail hasierako bigarren bozketan bezala, ez dirudi oraingoan gertatuko denik, eskuineko oposizioak ez duelako berriro saiatzeko asmorik, eta ezkerreko kritikoek ez dutelako nahiko diputatu prozedura hori aktibatzeko. Edonola ere, bihar 16:30 arteko tartea dago horretarako.
Ordurako mozioa ez badago, Myriam El Khomri Lan ministroaren izena daraman legea indarrean jarriko da automatikoki.
"Bost urteko honetako erreforma handia da", aldarrikatu du Vallsek berriro ere legea botorik gabe onartzea justifikatzeko. Hari esker enplegua sortuko dela eta langileek babes batzuk lortuko dituztela ziurtatu du gobernu sozialistak.
Ez da hori, ordea, sindikatu eta ikasle talde gehienen iritzia. Udaberriaz geroztik protesta mugimendu handia egin dute legegaia bertan behera geratzeko eskatuz, haien ustez, lan baldintzak okertuko dituelako eta prekaritate handiagoa ekarriko duelako. Udako etenaren ondoren, irailean protestekin jarraitzeko asmoa adierazi dute legearen aurkako taldeek.
CFDT sindikatuaren —handienetan bigarrena—babesa lortzearren, Parisko gobernuak bertan behera utzi zuen El Khomri legegaiaren puntu eztabaidatuenetako bat, hots, lan auzitegiek kaleratze ordainei gehienezko muga bat ezarri ahal izatea. Baina protestak protesta, Vallsen exekutiboak eutsi dio beste puntu polemikoenari, hain zuzen ere, lanaldiaren iraupenean eta banaketan enpresaren barruko itunei sektorekakoen gainetik lehentasuna ematen dien artikuluari.
Eskuineko oposizioak eta patronalak salatu dute erreforma motz geratzen dela.