Frantziako Gobernua laborarien haserrea baretzen saiatuko da gaur

Arratsaldean bilera egingo dute Gabriel Attal lehen ministroak eta FNSEA laborarien sindikatuko buruak. Laborariek A64 autobidea blokeatzen dute Tolosaren atarian, eta Golfecheko zentral nuklearraren sarbidea itxi dute.

laborariak
Laborariak A9 autobideko trafikoa mozten, gaur, Ipar Katalunian. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 22a
09:50
Entzun

Protesta giroa hedatzen ari da Europako nekazarien artean. Herbehereetakoek hasi zituzten mobilizazioak, Alemaniakoek eta Errumaniakoek gero, eta Frantziakoak ere batu zaizkio orain. Ekintzarik ikusgarrienak Okzitanian gertatzen ari dira. Ostegunez geroztik, FNSEA sindikatuko laborari talde batek, beren traktoreekin, Baiona eta Tolosa lotzen dituen A64 autobidea ixten ari dira. Carbonne inguruan (Garona Garaia).

Handik 125 kilometro iparraldera, Golfechen (Tarn eta Garona), beste laborari talde batek zentral nuklearraren sarbidea blokeatu du.

Ekialderago, Rosellon, laborari talde batek A9 autobideko trafikoa moztu du, Perpinyatik hegoaldera. Eguerdian, dozenaka lagun autobidean eseri egin dira. Autobide horretan ere, Perpinya hegoaldeko ordainlekua trabatu dute 300en bat nekazarik, traktoreen laguntzarekin.

Hainbat dira nekazarien eskaerak. Batetik, kexu dira gaixotasun hemorragiko epizootikoari aurre egiteko albaitari gastuen ordainik ez diela egin Frantziako Gobernuak. Bestetik, haserre daude gasolioaren prezioa emendatu egingo zaiela, bertan behera geratuko baita gasolio profesionalari gobernuak emandako laguntza.

Baina bada beste kexu orokor bat: klima krisiari aurre egiteko eta ingurumena babesteko gero eta baldintza gogorragoak bete behar dituztela, eta horrek asko zailtzen diela lana.

Ildo horretatik, Arnaud Rousseau FNSEAko presidentea Europako Batasuneko Green Deal-aren aurka mintzatu da gaur goizean, France Inter irratian, Europako ekoizpena txikitzea bilatzen duelakoan. Haren hitzetan, koherentzia falta zaio EBren politikari: «Ezin daitezke merkataritza itunak izan geureak ez diren ekoizpen baldintzekin egindako produktuak inportatu ahal izateko eta, aldi berean, ekoizpen baldintza jasanezinak galdegitea Frantziaren laborantzari, hura denean jasangarrienetako bat».

Rousseauk jakinarazi du protesta ekintzak egingo dituztela aste osoan, «eta beharrezkoa den denbora guztian ere».

Bilera, arratsaldean

Parisko gobernua laborarien haserrea baretu nahian dabil azken egunotan. Gabriel Attal lehen ministroa eta Marc Fesneau Laborantza ministroa 18:00etan bilduko da FNSEAren eta haren gazte adarreko buruzagiekin. Aurretik, Fesneauk iragarri du gibeleratu egingo dutela laborantzako lege proiektua. Etzi zuen aurkeztekoa, baina aste batzuk hartuko dituzte orain zenbait aldaketa egiteko; horien artean, laborari gazteak instalatzeko prozedurak errazteko.

Duela bi aste hartu zuen gobernuaren gidaritza Attalek, eta nekazarien krisiari aurre egin behar dio lehen-lehenik. Asko du jokoan, Emmanuel Macron presidenteak ez duelako nahi laborarien haserrea jaka horien protestaren mailara iristea. Osagai politikoak ere baditu krisiak, eskuin muturra (RN Batasun Nazionala) eta eskuina (Errepublikanoak) krisiari etekin politikoa atera nahian dabiltzalako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.