Frantziako Gobernuak %3ko behin-behineko zerga igoera onartu du aberatsentzat

12.000 milioi euro lortu nahi ditu bi urtean, kenkariak murriztuta eta tabakoaren eta edarien zergak igota

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aberatsentzako zerga bai, baina salbuespenezkoa, behin-behinekoa eta «sinbolikoa», Frantziako Gobernuak onartu duenez. 500.000 eurotik gora irabazten dituztenek %3ko zerga ordaindu beharko dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. 500.000 irabazten dituenak 15.000 euro. Kapital eta lan errentak aintzat hartuko dira diru sarrerak kalkulatzeko. Hasierako proposamena milioi bat eurotik gorako diru sarrerak dituztenei %1 eta %2 arteko zerga berezi bat ezartzea zen. Aberatsentzako %3ko zergak Frantziak defizit publikoa %3ra jaitsi arte iraungo du, teorian 2013 arte.François Fillon lehen ministroaren esanetan, «zerga horrek erakusten du aberatsek ere egingo dutela ekarpena».

Fillonek atzo iragarri zituen defizita murrizteko neurri berriak. Presaka prestatutako eta hartutako neurriak izan dira, ekonomiaren ahultasunak eta zor publikoak AAA kalifikazioa galtzeko mehatxuak bultzatuta. Nicolas Sarkozy presidenteak abuztuaren 10ean bildu zituen ministroak defizita murrizteko neurri gehiago aztertzeko. Fillonek atzo onartu zuen merkatuei begira hartu dituztela neurriak, merkatuek Frantziarengan konfiantza izateko eta zor publikoaren AAA kalifikazioari eusteko.

Neurri berriekin mila milioi euro gehiago bildu nahi dituzte aurten eta 11.000 milioi euro 2012an. Gobernuaren arabera, defizit publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %5,7koa izango da aurten, %4,5ekoa 2012an —neurri berriekin lehen baino hamarren bat gutxiago—, %3koa 2013an eta %2koa 2014an.

Diru gehien eragingo duen neurria bigarren etxeen, alokairuko etxeen eta lurren salmentei zenbait kenkari kentzea da. 2012an 2.200 milioi euro lortu nahi dituzte horrela. Enpresaburuek ordu estrengatik jasotzen dituzten zerga onurak ere mugatu egingo dituzte. Eta kapital errentengatik ordaindu beharreko zergak igo, %12,3tik %13,5era. Sarkozyk eta Merkelek hitzartu bezala, Frantziako eta Alemaniako sozietate zergak parekatuko dituzte.

Neurri batek ezustean harrapatu ditu gehienak: tabakoaren zerga %6 igoko dute berehala, eta 2012an zerga berri bat ezarriko diete edari alkoholdunei eta freskagarriei.

Hazkunde apalagoa

Gobernuak zuzendu egin du aurten eta datorren urtean espero duen hazkundea, ez zuela egingo esan eta bi astera: BPGaren %1,75ekoa aurten eta 2012an; lehen %2ko eta %2,25eko hazkundeak espero zituen.

Bigarren hiruhilekoko hazkundearen datuak alarma gorria piztu zuen gobernuan. Lehen hiruhilekoan BPGaren %0,9 hazi eta gero, bigarrenean ez zen hazkunderik izan. François Baroin Ekonomia ministroak esan zuen ez zituztela aldatuko hazkunde prebisioak. Bi aste eta gero egin dute.

Neurriak datorren astean aurkeztuko dituzte Parlamentuan, irailaren hasieran eztabaidatzeko eta onartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.