Frantziako Gobernuak lege bat egingo du datorren urtean igandeko lana arautzeko. Azken asteotan brikolaje saltokien aldetik presio gogorrak jaso ondoren, Jean Marc Ayrault lehen ministroak agindu du «arauak argituko» dituela, eta irtenbide bat emango diola sortu den eztabaidari. Gaur egungo araua da igandeak atseden egiteko direla, baina hala ere ia hiru langiletik batek lan egiten du egun horretan, legeak salbuespen asko onartzen dituelako arau orokor horretan.
Lege berriarekin araua ez dela aldatuko hitz eman du Ayraultek, baina aldi berean iradoki du saltoki gehiago irekita izango direla igandetan. Izan ere, lehen ministroak adierazi du orokorrean ados dagoela gaia aztertu duen Bailly batzordearekin eta, pentsatzekoa denez, hark eman duen aholku garbienarekin: bostetik hamabira pasatzea dendak zabalik izan daitezkeen igandeak. Horietatik zazpik udalek beraiek erabakiko lukete, eta saltokiek beste bostak. Hori bai, egun horietan lan egitea «hautazkoa» izan beharko luke langileentzat, eta sari handiagoa jaso beharko lukete haren truke.
Legea egin bitartean Gobernuak agindu du irtenbidea aurkituko diela «sortu diren egoera zailei». Hau da, Paris inguruko bricolaje saltoki handiei erraztasunak emango dizkiela igande batzuetan zabaltzeko, lorezaintza eta altzari dendek gaur egun egiten duten moduan. Joan den irailean, Castoramaren eta Leroy Merlinen Ile de Franceko hamabosten bat dendek legea hautsi eta igandetan zabaldu zuten, epaitegietan horrela egiteko eskaera galdu ondoren.