Inseek gaur zabaldutako datuak ustekabe bat dira; horien arabera, estatistika erakundeak berak 0,1 puntu jaistea baizik ez zuelako espero. Izan ere, langabezia erregistratuan ia ez da aldaketarik izan hiruhileko batetik bestera, Pole Emploi bulegoetan 5.300 langabe gutxiago baizik ez baitira azaltzen.
Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, baina Gaindegiak kalkulatu du biztanleria aktiboaren %8,7 dagoela lanik gabe. Pirinio Atlantikoetarako (Ipar Euskal Herria eta Biarno) Inseek ematen duen azken datua 2016ko lehen hiruhilekokoa da: %8,4.
Langabeziaren jaitsiera berri ona da Frantziako Gobernuarentzat, baina, ziur aski, beranduegi dator François Hollande presidentearentzat. Duela lau urte agintaldia hartu zuenean agindu zuen lehentasuna zuela langabeziaren igoera etetea, eta lortzen ez bazuen ez zela aurkeztuko berriro presidentetzara. 2012az geroztik, ordea, gora eta gora egin du langabeen kopuruak, eta 2015eko hirugarren hilekoan baizik ez zion hazteari utzi.
Lau gaztetik bat, lanik gabe
Jaitsiera, hori bai, bizkorra izan da, Frantziako Errepublika osoan %10etik azpiko langabeziarik ez baita izan 2012ko hirugarren hiruhilekoaz geroztik. Ameriketako eta Afrikako Frantziaren lurraldeak zenbatu gabe, %9,6 daude lanik gabe. Metropolian 2,767 milioi lagun daude lanik gabe —horietatik 12.300 Iparraldean, Gaindegiaren arabera—, eta horietatik 1,2 milioik urtebete baino gehiago daramate lan bila —biztanleria aktiboaren %4,3—.
Adin guztietan egin du behera langabeziak, baina oraindik bereziki egiten die gazteei kalte. 15 eta 24 urte artekoen artean %23,7 daude lanik gabe. %9 dira 25-49 urtekoen artean, eta %6,4 50 urtetik gorakoen artean.
Langabezia 0,3 puntu jaitsi bada ere, landunen kopurua %0,1 baizik ez da handitu, %64,7ra arte. Jarduera tasa handiagoa da gizonezkoen artean (%67,9), emakumezkoen artean baino (%61m5). Biztanleria aktiboaren %52,8 ari dira lanaldi osoarekin, eta %11,8, berriz, lanaldi partzialarekin. Azken horietatik gero eta gehiagok nahi dute lanaldi oso bat, baina ez dute aurkitzen.