Frantziako Gobernuak pozik hartu du herrialdeko ekonomiaren inguruan Nazioarteko Diru Funtsak kaleratu duen txostena. Kontu publikoak onbideratzeko Parisen estrategia nabarmendu du nazioarteko erakundeak, batez ere lan merkatuaren eta pentsio sistema publikoaren erreformak, herrialdeko ekonomia errekuperatzea ahalbidetu dutelako. «Kontsumoak sendo jarraitzen du, inbertsioak hazten ari dira eta enplegua sortzen». Horiek hala, Frantziako ekonomiaren gainean perspektiba onak dituela adierazi du Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak.
NDFren arabera, Frantziako ekonomia %2,1 haziko da aurten, %1,9 datorren urtean, %2 2013an eta, ordutik 2016ra bitarte, urtean %2,1. Langabeziari dagokionez ere, bilakaera baikorra iragarri dio. Aurten, urtea %9,3ko tasarekin bukatuko duela uste du eta datorren urtean %8,6ra arte jaitsiko duela.
Baina denak ez dira loreak izan; NDFk defizitaren kontrako borroka gogortzeko ere eskatu dio Frantziako Gobernuari. «Hazkunde aurreikuspenak horren onak ez diren hipotesian, aurrezte neurri osagarriak beharko ditu defizita murrizteko konpromisoa errespetatzeko». Alegia, 2013an herrialdeko defizit publikoa barne produktu gordinaren %3ren parekoa izatea nahi badu, neurri gehiago hartu beharko dituela.
NDFri erantzunez, gobernu taldeak udazkenean aurkeztuko duen aurrekontu proiektua bide horretatik joango dela adierazi du Valeriee Pecresse Frantziako Aurrekontu ministroak, prentsa ohar bidez. «Defizita murrizteko ahalegin horretan beste etapa bat izango da, 2013an defizita %3ra murrizteko helburua ukiezina baita». Datorren urtean defizita BPGaren %4,6aren parera murrizteko neurriak hartzeko prest daudela ere esan du Pecressek. «Beharrezkoak balira, prest geundeke zerga kenkarietan murrizketa gehiago egiteko».
AEBak, gero eta larriago
AEBetan, berriz, ordainketak eteteko bost egun falta direla, 14,29 bilioi dolarreko zorpetze muga handitzeko akordiorik gabe jarraitzen dute. Demokratek zein errepublikanoek, biek aurkeztu dituzte proposamenak, baina oraindik ez dute ados jartzerik lortu, eta, okerrena dena, ados jartzeko itxurarik ere ez dutela.
AEBetako Kongresuko Aurrekontu Bulegoaren arabera, errepublikanoen planak datozen hamar urteetan gastuan 850.000 milioi dolarreko murrizketa egitea ahalbidetuko luke, zorpetze muga 2,5 bilioi dolarrera igotzearen truke. Demokratek, berriz, zorpetzearen sabaia igotzea onartzeko, datozen hamar urteetan defizita 2,7 bilioi dolarretik 2,2ra jaisteko plana proposatu dute.
Akordiora iritsi ala ez, adituek ziurtzat jotzen dute AEBen zorrak kaudimen maila gorena galduko duela. Hiru handiek —Standars&Poors, Moody's eta Fitch—, kalifikazioa berrikusteko aukera mahai gainean jarri zuten orain egun batzuk. Jaitsierarik txikienak zorraren interesa igotzea eragingo luke, eta herrialdea are gehiago zorpetuko litzateke.
Frantziari defizita murrizteko neurri gogorragoak eskatu dizkio NDFk
Perspektibak onak izan arren, aurrezte neurri osagarriak hartzeko aholkua eman dio, defizita BPGaren %3ra jaisteko arazorik izan ez dezanOrdainketak eteteko bost egun falta direla, akordiorik gabe jarraitzen dute AEBetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu