Funtzionarioen dekretua Konstituzionalera eraman du Eusko Jaurlaritzak

Bere langileei lanaldia igo beharrik ez duela dio, baina kexu da Itzarri ekarpenak egiterik ez duelako

ELA, LAB eta EILASeko kideak, atzo, grebara deitzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako, diputazioetako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek ez dute aurten ekarpenik izango pentsio planetan, hala egitea debekatzen duelako Espainiako Gobernuaren funtzio publikoari buruzko dekretuak. Jaurlaritzak uste du debeku horrek bere autonomia urratzen duela, eta helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Urtero, bere langileen soldataren zati bat Itzarri BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko elkartean sartzen du Jaurlaritzak. BGAEk langileen pentsi- oak osatzen dituzte langileek erretiroa hartzen dutenean. 2009an eta 2010ean soldataren %3 joan zen Itzarrira, eta, murrizketen ondorioz, %1,5 iaz. Guztira, 53 milioi euro. Aurten ezingo duela jarri baieztatu du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaile eta Itzarriko gobernu batzordeko lehendakariak.

Neurriak eragina izango dubeste BGAE publiko nagusian, aldundietako eta udaletako langileak biltzen dituenean; Elkarkidetzan, alegia. Bien artean, ia 100.000 langile dituzte, eta 19.000 milioi euroko kapitala zuten 2010aren amaieran, EAEren BPG barne produktu gordinaren %28.

Espainiako Gobernuaren dekretuak behartu egiten ditu hemengo instituzioak soldatak izoztera ere. Haatik, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ziurtatu dute lanaldia 35 ordutik 37,5era igo beharrik ez dutela.

Greba deialdia

Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ezarritako murrizketak salatzeko, otsailaren 9an lau orduko greba bat egitera deituta daude langile publikoak. Lanuzte eskaera ofiziala egin zuten atzo Bilbon ELAk, LABek eta EILASek.

ELAko Igor Eizagirreren arabera, grebaren bidez langile publikoen «haserrea» erakutsi nahi dute: «Inora ez garamatzaten politika horien aurka gaudela erakutsi nahi dugu. Patxi Lopezen gobernuari […] exijitu nahi diogu zerbitzu publikoak garatzeko enplegua sortu eta ekonomia bultzatzeko». LABen izenean, Arantxa Sarasolak Espainiako Gobernuari bidali zion mezua: «Ez dugu beste esku sartzerik onartuko, eskubidea baitugu Euskal Herrian eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta soziala aukeratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.