TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak makina bat alorretan izango du eragina, ituna bururaino eramaten bada. Jokoan zer dagoen ulertzeko hamar galdera, jarraian:
Nortzuk ari dira negoziatzen? AEBetako Gobernua eta Europako Batzordea, batasuneko 28 herrialdeen izenean. Munduko bi bloke ekonomiko aberatsenak dira, eta bazkide komertzial nagusiak.
Zein da helburua? Helburua Atlantikoaren bi aldeetan benetako merkatu bateratua lortzea da. Negoziazioa hiru atal handitan banatu dute: produktuen eta zerbitzuen sarbidea eta merkatuak; arau arazoak eta muga sariak ez diren hesiak; eta arauak, printzipioak eta nazioarteko merkataritzan dauden aukera berriak.
Zeintzuk lirateke akordioaren etekinak? Itunaren beharra justifikatzeko argudio nagusia ekonomikoa da. CEPR elkarteak egindako txosten batean oinarrituta, akordio «handinahitsu» batek urtero barne produktu gordina %0,5 eta %1 bitarte handituko lukeela diote negoziatzaileek. Bi milioi lanpostu sortuko lituzkeela ere ziurtatu dute. Akordioaren aurkakoek kalkulu horiek errefusatu dituzte, eta Ipar Amerikan NAFTA akordioak izan dituen ondorioak azpimarratu dituzte: Mexikon, bi milioi nekazarik lana galdu eta 28.000 denda txikik porrot egin zuten. AEBetan, ia 700.000 lanpostu galdu ziren.
Nola doaz negoziazioak? Ofizialki, 2013. urteko udan jarri ziren martxan elkarrizketak. Akordio azkarra bilatzeko borondatea agertu zuten bi aldeek, gutxienez pare bat urte beharko zirela onartuta. Hainbat atzerapen izan dira jada.
Zer ari dira negoziatzen? Hasierako asmoa zen sektore eta produktu nahiz zerbitzu guztiak negoziazioei irekitzea. Marra gorririk gabe ekin nahi zien elkarrizketei Europako Batzordeak. Haatik, Frantziaren presioak ikus-entzunezkoen sektoreari buruzko negoziaziorik ez egitera behartu ditu.
Nolako eragina izango luke? Puntu garrantzitsua da. Sinatuz gero, edukiak administrazio maila guztien jardunari eragingo dio. Udalerri txiki batetik hasita, Europako Batzorderaino. Denen jarduna mugatuko du akordioak.
Publikoak dira elkarrizketak? Hori da kritikoen kexa nagusietako bat. Negoziazioak sekretuak dira, eta ezezaguna da mahaietan benetan zer ari den eztabaidatzen, hainbat dokumentu filtratu badira ere.
Nola justifikatzen du sekretua EBk? Iritzi publikoaren presioak eragina izan du. Europako Batzordeko Merkataritza komisario berriak, Cecilia Malmstrom suediarrak, «inoiz ez bezalako gardentasuna» agindu du. Esaterako, orain arte Europako Parlamentuko legebiltzarkide guztiek ezin zituzten eztabaidarako agiriak irakurri, eta hori aldatuko dela agindu du, hainbat muga ezarriko zaizkien arren. Haatik, parte batzuk sekretupean gordetzeko asmoari eusten dio, gardentasuna iragarri arren. «Egongo dira, noski, publikoarekin osorik partekatuko ez ditugun dokumentuak. Espero dut ulertzea negoziazioak soilik direla eraginkorrak konfiantzarako eta eztabaida lasairako tartea dagoenean», esan zuen Malmstromek joan den astean.
Nork erabakitzen ditu auziak? Gai arantzatsuena, ziur asko, itunaren zabalpenari buruz inbertitzaileen eta erakunde publikoen arteko desadostasunak erabakitzeko sistemak dira. Itunean oinarrituta, tokian tokiko lege batek bere irabaziak mugatzen dizkiola salatzeko aukera luke konpainia batek. Auziari buruzko erabakia hartzea nazioarteko arbitratze epaitegi pribatu batzuen esku geratuko litzateke. Balizko burujabetasun galera horrek sortutako kezkari erantzungo zaiola ziurtatu du EBko presidente berriak, Jean Claude Junckerrek, baina ez du oraindik ezer argitu.
Non ikusten dira arriskuak? Itunaren aurkako mugimenduek arrisku ugari ikusten dituzte. Lan eskubideak mugatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa erraztea, ingurumen arauak lausotzea —tartean, fracking-ari ateak irekiz—, jabetza intelektuala indartzeko neurriak edo pribatutasun araudiak ahultzea. EBk ziurtatu du itunak ez duela «arreta printzipioa» hautsiko, eta ez dituela ingurumen eta osasun arloetako babes mailak murriztuko.
GALDERA GAKOAK:
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu