Madoff auzia txiki utz dezakeen ikerketa abiatu dute AEBetako burtsaren zaintzaileak (SEC) eta FBIk. Sri Lankako Raj Rajaratnamen Galleon Technologies hedge funtsa ikertzen ari dira, informazio pribilegiatua baliatu zuelakoan inbertsio arrakastatsuak egin ahal izateko -%23ko irabaziak izan ditu urtero haren funts batek, krisiaren aurretik-. Galleon ez ezik, aholkularitza enpresak, rating agentziak eta dozena bat enpresa teknologiko ere badaude ikertzaileen begiradapean, horien artean IBM eta Intel, Rajaratnamen funtsari informazio sekretua eman ziotelakoan. Azken horrek salaketa guztiak ukatu ditu, baina, badaezpada ere, itsasontzia erabat hondoratu aurretik, inbertsioak likidatzen eta diru freskoa biltzen aritu da Galleon azken egunotan. Wall Streeteko enbata Europara ere ailegatu zen eta enpresa garrantzitsuen irabazi mardulak -Pfizerrek aurreko hiruhilekoan %26 gehiago, Coca-Colak iaz baino %10 gehiago- ez ziren nahikoa izan galerak estaltzeko.
Applek sortu aurretik eman dio itzala Microsoft lehiakidearen Windows 7 sistema operatibo berriari. Steve Jobsen enpresak 1.665 milioi irabazi ditu ekainetik irailera, iaz baino %46 gehiago. Mac eta iPhone gehiago saldu ditu, eta iPod gutxiago.
'The New York Times'. Publizitatearen jaitsierak bultzatuta, ehun kazetari kenduko ditu AEBetako egunkariak. Lan egindako urte bakoitzeko 21 eguneko kalte-ordaina eskaini ditu zuzendaritzak enpresa utzi nahi dutenei. Gaur egun 1.250 kazetari ditu.
Galeoiaren hondoratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu