Eroskik oraindik ez du lortu krisiari buelta ematea, baina ondorioak apaltzen ari da. 33 milioi euro galdu ditu aurtengo lehen seihilekoan, joan den urtean baino %21,3 gutxiago. Hala ere, zorraren interesak eta zergak ordaindu aurretik emaitza onak lortu ditu kooperatibak. 56 milioi euro eskuratu ditu, iaz baino %11,4 gehiago. «Baliabideak lortzeko gaitasuna hobetu dugu», adierazi du Eroskik.
Haren arabera, doiketa planaren optimizazioari esker eta enpresaren barneko kostuen kontrolari esker lortu da galerak gutxitzea. Sei hilabetean, 35,1 milioi euroan murriztu ditu kostuak banatzaileak. Tarte horretan, finantza erakundeekin zuen zorraren zati bat ere ordaindu du. «Azken bi urteetan martxan jarritako finantza doiketa planek emaitza onak izan dituzte. Bankuekin genuen zor garbia 750 milioi euroan jaistea lortu dugu». Gaur egun, 2.050 milioi zor ditu.
Era berean, familien kontsumoa nabarmen uzkurtu arren, bezero kopuruari eusteko gai izan dela dio kooperatibak. Lehiakortasuna irabazteko asmoz, irabazi marjinak gutxitu dituela aitortu du, eta horri esker bezeroek 17 milioi euro aurreztu dituztela dio.
Galerak eta zorra gutxitzea lortu du Eroskik lehen seihilekoan
Kostuetan 35,1 milioi euro aurreztea lortu duela dio kooperatibak, eta horri esker hobetu ditu emaitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu