Gallardo taldeak esan du ehun langile inguru soberan dituela Azpeitiko lantegian

Espedienterik ez du aurkeztu enpresak, baina jendea kaleratuko duela jakinarazi die sindikatuei; hiru zuzendari bota ditu jadaLehenbailehen bideragarritasun plan bat aurkezteko eskatu dute langileek

Gallardo taldeak Azpeitian duen lantegia. 440 langile inguru aritzen dira han eta herriko enpresarik garrantzitsuena da. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Datorren urterako ekoizpen txikia aurreikusten duela eta langileak kaleratzeko asmoa duela.Gallardo taldeak hala jakinarazi zien joan den astean Corrugados Azpeitian ordezkaritza duten sindikatuei —Gallardorena da Corrugados—. Bilera egin zuten Extremaduran (Espainia) eta 100-130 langile soberan izan ditzakeela aipatu zuen enpresak. Oraingoz ez dago hitzez esandako hori biltzen duen dokumenturik.Erregulazio espedienterik ez du aurkeztu, ezta industria eta bideragarritasun planik ere. Langileen artean, ordea, kezka da nagusi, denbora kontua besterik ez dela uste dutelako.

Dagoeneko eman du pauso bat Gallardo taldeak: Corrugados Azpeitiako hiru zuzendari kaleratu zituen aurreko astean. «Hori da orain arte dagoen informazio bakarra. Herrian zurrumurru ugari dabil, baina idatziz ez dago ezer», azaldu dute ELAko iturriek. Extremaduran egindako bileraren xehetasunak emateko batzarra egin zuten atzo langileek. 300 lagun inguru elkartu ziren.

Datorren urtean 300.000 tona ekoiztea aurreikusten duela esan du Gallardok, Azpeitiko lantegiak berez duen gaitasunaren erdia inguru da hori. Hori kontuan hartuta, kaleratzeak saihestea zaila izango dela uste du ELAk, lana dezente jaitsi delako. Dena den, «seriotasuna» eskatu dio enpresari. «Informazioa nahi dugu, eta batez ere, lehenbailehen bideragarritasun plan bat aurkeztea».

Oraindik ez dute finkatu hurrengo bilerarako data. ELAk susmoa du orduan iragar dezakeela zuzendaritzak erregulazio espedientea. Baldintzei buruzko xehetasunen berririk ez dute; hau da, ez dakite aurretiazko erretiroetarako edo pizgarrietarako aukerarik egongo den edo kalte-ordainak zenbatekoak izango diren. «Gauzak idatzita eta behar den moduan aurkezten ez dizkigun bitartean, ez gara egoera aztertzen eta negoziatzen hasiko».

Egoera bideratzea ezinbesteko ikusten dute langileek, bestela lantegia ixteko arriskua egon daitekeelako. Kolpe latza litzateke hori eskualdearentzat. Izan ere, 440 langilerekin, Azpeitiko enpresa handiena da Corrugados Azpeitia. Herrian bertan badu beste lantegi bat ere Gallardok: Corrugados Lasao. Kaleratzerik ez da izango han.

Ekoizpenaren jaitsiera ez da kontu berria. Apirilaz geroztik aldi baterako erregulazioan daude Azpeitiko eta Lasaoko lantegietan. Ehun eguneko iraupena izango du dosierrak, eta aurtengo abenduaren 31n amaituko da— Lasaokoan, oraingoz, lan karga dezentekoa da eta ez dira ari espedienteaz baliatzen—.

Zalantzen urtea

Azken urtebetean ziurgabetasuna izan da nagusi bi lantegietan. 2010eko abenduaren 10ean jakinarazi zuen Gallardo taldeak Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao eta Badajozko (Espainia) Cementos Balboa zementu fabrika 382 milioi euroren truke eskualdatzea hitzartu zutela. Brasilgo Companhia Siderurgica Nacional (CSN) erraldoiarekin egin zuen tratua.

Hiru hilabeteko epea eman zioten elkarri, kontu ikuskatzeak egin eta dokumentazio guztia prestatzeko. Martxoan sinatu beharreko akordioa maiatzera arte atzeratu zen. Baldintzak ere aldatu ziren. Akordio berriak zioen Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao eta Balboa zementu fabrikak ez ezik, Gallardok Alemaniako Turingian dituen beste bi enpresak ere CSNk erosiko zituela 970 milioi eurotan.

Europako agintaritzaren oniritzia besterik ez zitzaien falta eskualdatzea gauzatzeko. Uztailaren erdialdean iritsi zen oniritzia, baina azken unean, sinatzeko bost minutu falta zirela, atzera egin zuen talde brasildarrak. Negoziatzen jarraitu zuten, baina alferrik. Irailaren 16an bi taldeek ohar bana kaleratu zuten esanez bertan behera utzi zutela maiatzean sinatutako akordioa. Kontratuan jarritako baldintzak ez errespetatzea leporatu zioten elkarri, bestelako azalpenik eman gabe.

Inbertsiogile berri bat agertuko balitz negoziatzeko prest jarraitzen duela dio Gallardok. Oraingoz, ordea, inor ez dago enpresa erosteko prest. Bitartean, euren lanpostuen geroa bermatzeko eskatuz asteartero-asteartero mobilizazioak egiten dituzte langileek, azoka eguna dela baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.