Energia eolikoaren munduko liderra jaiotzeko bidean da, eta zati bat behintzat Euskal Herrikoa izango du. Gamesak baieztatu egin du Siemensen energia eolikoaren adarrarekin bat egiteko negoziazioetan ari dela. Biak batuta , munduko haize sorgailuen merkatuaren %15 inguru izango lukete, oraingo liderraren —Vestas danimarkarra— aurretik. Operazioari buruzko berriek %18 igo dute Gamesaren akzioa.
El Confidencial agerkari digitalak aurreratu du operazioa, Siemensek Gamesa «erosi» nahi zuela aipatuta. Merkatuak itxi arte itxaron du Gamesak operazioa baieztatzeko. Euskal Herriko enpresak, ordea, «fusio» bati buruz hitz egin du CNMV merkatuaren arautzaileari igorritako agirian: «Sozietateak baieztatu du elkarrizketak badirela Siemensen energia eolikoaren zenbait negozio integratzeko aukerari buruz, fusio operazio baten bitartez». Operazioa oraindik ez dagoela itxita nabarmendu zuen Zamudioko konpainiak: «Ez da inolako erabakirik hartu, eta ez da akordiorik itxi». Neurri aldetik nabarmen handiagoa da alemaniarra: Siemensen energia berriztagarrien adarrak 5.660 milioi fakturatu zituen 2015eko irailean bukatutako urte fiskalean; Gamesak 2.500 milioiren salmentak izan zituen iazko lehen bederatzi hilabeteetan.
Gorakada handia burtsan
Merkatuetan jada hasi dira mugimenduak operazioari etekin ateratzeko. Gamesaren akzioa %20 igotzera iritsi zen, eta %18,81ko igoerarekin itxi du saioa, 17,11 euroan. Gamesa Ibex 35eko akzio izarra izan zen iaz, bere balioa bikoiztea lortu baitzuen —duela urtebete 8,6 euroan salerosten zen—. Bi arrazoik azaltzen dute igoera. Batetik, emaitza onak ematen ari delako; bestetik, fusio eta erosketen hotsa handia delako energia eolikoaren sektorean. Iazko urrian Acciona espainiarrak iragarri zuen bere adar eolikoa (Acciona Windpower) Nordex alemaniarrari saldu ziola.
Fusio horien helburu nagusia tamaina eta indar finantzieroa hartzea da, sektorearen etorkizuneko erronka nagusiari heltzeko: itsasoko energia eolikoa, offshore deitutakoa.
Siemens eta Gamesa enpresa nahiko bateragarriak dira. Alemaniarrek indar handia dute Europan eta itsasoko parke eolikoetan; Gamesa, berriz, liderra da Mexikon eta Indian, eta aktore nagusietako bat Txinan eta Brasilen. Offshore-an daraman atzerapena gainditzeko joint-venture bat sortu du Areva frantziarrarekin.
Argaldu ondoren, sendo
Berregituraketa handi batetik atera berri den konpainia da Gamesa. XXI. mendeko lehen urteetan asko hedatu zen, energia eolikoaren gorakadaren garaian. Krisiak, ordea, proiektu asko gerarazi zituen, salmentak jaitsi ziren, eta enpresaren neurria txikitzea erabaki zuten buruzagiek. Hainbat fabrika itxi zituzten, tartean Tuterakoa eta Altsasukoa. Azken horren itxiera legez kanpokoa izan zela ebatzi zuen azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak, ez zuelako Nafarroan negoziatu. Altsasuko 150 langileetatik 79 Agoizko fabrikan ari dira orain.
Lantaldea ia 3.000 lagun txikitu ondoren, merkatua biziberritu denean, Gamesa finantza egoera osasuntsuan dago berriz ere. 2012ko 659 milioiren galerak 92 milioiren irabaziak bilakatu ziren 2014an. Otsailaren 25ean iragarriko ditu 2015eko emaitzak, baina iazko mozkinak bikoiztetik gertu ibiliko da, lehen bederatzi hilabeteetan 126 milioi irabazi zituen eta. Etorkizunerako lana ere ziurtatuta du, ia astero kontratu baten berri ematen baitu.
Dirulaguntzen jaitsierak Euskal Herriko eta Espainiako merkatua lehortu dutenez, beste kontinenteetara begiratu du Gamesak. 2014. urtean Hego Amerikan egin zituen bere salmenten %34 —Mexikon eta Brasilen batik bat—, beste %26 Indian, %15 AEBetan, %9 Txinan eta gainontzeko %16 Europan eta Afrikan.
Iberdrola da Gamesaren akziodun nagusia (%19,7).