ekonomia

Gamesak 1.800 langile kaleratuko ditu datozen hilabeteetan, lantaldearen %20

Hego Euskal Herrian sei lantegi ditu —bi mila langile—, baina enpresak ez du zehaztu haietatik beharginik bidaliko duen. 1.800 kaleratzeetatik ia erdiak Espainiako Estatukoak izango dira.

Berria.info
2012ko urriaren 25a
19:32
Entzun

Gamesa energia eolikoa ekoizteko errotak fabrikatzen dituen enpresak 1.800 langile kaleratuko ditu hil honen eta 2013ko lehen hiruhilekoaren artean, datorren urtean atzera irabaziak izateko asmoz. Hala dio haren 2013-2015 negozio plangintzak. Lantaldea %20,2 murriztuko du horrela.

1.800 langileetatik 845 Espainiako Estatuko lantokietakoak izango dira —estatuko plantillaren %10,2—. 845etatik 480 Gamesakoak bertakoak izango dira, eta besteak Gamesarentzat soilik lan egiten duten lantokietakoak.

Gamesak Hego Euskal Herrian sei planta ditu —Nafarroan Aoiz, Olatzagutia, Tutera eta Imarkoainen, Gipuzkoan Asteasun, eta Bizkaian Mungian—, bi mila langile, baina enpresak ez du zehaztu planta haietatik beharginik bidaliko duten. Haietan Tuterakoak du etorkizunik beltzena: pala txikiak egiten ditu, eta enpresak iragarria du ez duela gehiago egingo mota horretako palarik. Brasilen, Txinan, AEBetan eta Indian ere baditu lantokiak.

Jose Antonio Arakama Gamesako administrazio kontseiluko kideak uztailean aurreratu zuen "doikuntza handi eta garrantzitsua" egingo dutela. 

Gamesaren arabera, azken hamar urtetako bilakaeran, hirugarren fase batean sartu berri da: 2002tik 2008ra zabaltze eta nazioarteratze fase bat izan zuen, hurrengo lau urtetan bere jardueraren dibertsifikazioa bilatu du, eta orain berriz "arrazionalizazio fase" batean murgildu behar da. Gamesak uste du 2015erako energia eolikoa gasa bezain errentagarria eta eraginkorra izan daitekeela eta kostuak %30 merkatzeko konpromisoa du. Era berean, eskaria nabarmen jaitsi da azken urtetako merkatu nagusietan —Indian eta Txinan—, eta Europa hegoaldean krisia dela-eta sektorearen egoera kezkagarria da. Vestas Danimarkako enpresa lehiakideak urte hasieratik 2.335 enplegu murriztu ditu eta beste 1.400 kaleratzeko asmoa agertu du.

Gasteizen sortu zuten Gamesa enpresa, 1976an. 2010ean, egoitza Zamudiora aldatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.