Ziurgabetasun handien erdian egin du aurrera ekonomiak urte honetan. Baina hasi omen dira zalantzat desagertzen, eta horrekin batera, ekonomia sendotzen: «Tentsio geopolitikoen behin-behineko konponbideak [bereziki Irakeko egoera], burtsen aldakortasun txikiagoak, eta zenbait herrialde garatutan hasi berri den hazkunde ekonomikoak joera hori bultzatu du». Nazioarteari begira, Ameriketako Estatu Batuetan ekonomia %2,9ko erritmoan ari da garatzen, eta eurogunean, apalago bada ere (%0,4), sendotzen hasi den zantzuak ageri dira. Azken hilabeteetako joera horri eusteaz gain, are gehiago garatuko da: AEBetako aurreikuspenek diote Barne Produktu Gordina %4,2 haziko dela eta euroaren eremukoa %1,8.
Euskal Herrira itzuliz, ekonomiak nazioarteko joera bera islatzen du. Aurten 2002an baino hazkunde handiago izatea industriari zor zaio batez ere, eta hala izaten jarraituko du datorren urtean ere: 2004an %2,5etik gorako hazkunde ekonomikoa espero dute ganberek, industria %2,5 eta %3 arteko erritmoan haziko delako. Hauek dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren inguruko txostenaren ondorio nagusiak:
-Industria: EAEko sektore ekonomiko garrantzitsuenak, 2003 osoa kontuan hartuta, iazkoa baino hazkunde handiagoa izan du, «oraindik ere apala izan arren». Ganberen arabera, «urtean zehar izan diren gorabeherak txikiak izan dira, eta apal bada ere, goranzko joera agertu du». Hala, eusko ganberek azpimarratzen dute Industria Produkzioaren Indizeak (IPI) joera aldaketa bat izan duela, txarretik hobera. Dena den, badira oraindik ere hain onak ez diren datuak. Konfiantzaren indizea ez da mugitu, «eta hazkundearen gaineko aurreikuspenek sendotzeko dituzten zailtasunak agertzen dituzte». Bestetik, eskari zorroak eta produktuen stock-ak apur bat hobetu badira ere, produkzio aurreikuspenak «ez dira hain aldekoak».
-Eraikuntza sektorea: 2001ean hasi zen motelaldian, eraikuntza sektoreak tira du ekonomiatik, baina aurten nabaritu da geldotzen hasi dela. Dena den, sektorerik sendoena izaten jarraitzen du, %4 inguruko hazkunde tasarekin. Egoeraren adierazgarri, etxebizitza gutxiago bukatu dira aurten, eta lan publiko gutxiago egin. Datorren urtean moteltzen jarraituko duela uste dute ganberek.
-Zerbitzuen sektorea: «Bere bilakaera egonkorra da». Eusko ganberen arabera, iazko erritmo berean hazi da (%2,3 inguru). Txikikazko merkataritzaren konfiantza neurtzen duten adierazleek hoberanzko joera arina erakusten dute. Astialdiko eta turismoko jarduerek, berriz, 2002an baino hazkunde erritmo apalagoa izan dute: urrira bitartean, hiru herrialdeetako hoteletan gaua iragan duten bidaiarien kopuruak %3,9 egin du gora. Azkenik, «sektore horrek jarraitzen du enplegu gehien sortzen, baina iaz baino erritmo txikiagoan», dio ganberen txostenak.
-kontsumoa: Gorabehera txikiekin, baina handitzen jarraitzen du, azken asteetan prezioen igoera gelditu delako eta enplegua sortu delako. Era berean, kontsumitzaileen konfiantzaren neurgailuek erakusten dute iazkoak baino hobeak direla. Bestetik, autoen matrikulazioek azken hilabeteetan hobera egin duten arren, urtarriletik urrira bitartean iaz epe berean baino ibilgailu gutxiago erosi dira.
-Inbertsioa: Arin, suspertzen hasi da, «nahiz eta oraindik ere ahultasun zantzuak agertzen dituen». Eraikuntza sektorea apalago hazi den heinean, sektorean egindako inbertsioak «indarra galdu du». Ekipo ondasunetan iaz baino gehiago inbertitu da, gutxigatik bada ere.
-Enplegua: Eustaten datuak oinarri hartuta, «ehun euskal herritarretatik zortzi baino pixka bat gehiago aurkitzen ziren langabezian 2003ko hirugarren hiruhilekoan». 2002ko datuarekin alderatuz gero, %0,1 egin du hobera, «eta Estatu osoko tasaren azpitik dago, hiru puntu». Bestetik, EAEn 905.000 lagunek dute lana, 2002an baino 10.500 gehiagok.
Azkenik, aurreikuspenei begira, eusko ganberek ondorioztatu dute enpresen aukerek «nabarmen» egingo dutela hobera, batez ere industrian. «Barne merkatuak aurrera egingo du, baina bultzadarik handiena esportazioek izango dute». Betiere euroaren baimenarekin.
-
KANPO MERKATARITZA
Esportazioak %4,8 erori dira uztailetik urrira
Eustat erakundeak atzo emandako datuen arabera, uztailetik urrira bitartean iaz hiruhileko berean baino %4,8 gutxiago esportatu zuten EAEko enpresek. Iragan urtean, epe berean, guztira 2.746 milio euroko esportazio bolumena lortu zen; aurten, aldiz, 2.615 milioi eurokoa. «Itxuraz, Europako ekonomiaren geldialdiak eta, batez ere, gure bezero nagusi direnenak eragina izan du», arrazoitu du Eustatek. Haatik, urteko lehen bederatzi hilabeteetan esportazioek %2,4 gora egin zutela ere azpimarratu zuen. Inportazioak, berriz, %2,9 igo dira iazko datuekin alderatuz. Horrenbestez, merkataritza superabita murriztu egin da hirugarren hiruhilekoan, esportazioen eta inportazioen arteko aldea 384 milioi eurotik 185 milioira jaitsi da eta. Azkenik herrialdeka, esportazioen jaitsierarik handiena Arabak jasan du, %12 pasakoa. Gipuzkoan ere jaitsi egin dira, %5,5, eta Bizkaian soilik igo dira,%2,2.