«Errelebo naturala» dela dio LAB sindikatuko zuzendaritzak. Azken urteotan sistema osoa irauli duen krisiaren gainetik egindako bide propioaren emaitza logikoa. Garbiñe Aranburu (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) egungo negoziazio kolektiborako arduradunak hartuko du Ainhoa Etxaideren lekukoa, LABeko Biltzar Nazionalak zuzendaritzaren proposamenari oniritzia ematen badio. Maiatzaren 25 eta 26rako beste proposamenik baden jakingo da, noski; teknologia berrien bidez «prozesu irekia» egin nahi du zuzendaritzak, baina haren apustua ezaguna da atzodanik: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo, idazkari nagusi eta haren alboko gisa, hurrenez hurren.
Ainhoa Etxaide sindikatu abertzaleak haren gidaritzapean egindako ibilbideari begira jarri zen atzo, Bilbon; aro konplexua egokitu zaiola esateko, batetik, baina 2008an idazkaritza nagusia hartu zuenean ezarritako helburuak bete direla azpimarratzeko, bestetik. «Zenbait asmo genituen, eta haiek tiradera batean gorde behar izan genituen gertatu zena gainera etorri zitzaigunean». Maila guztietako krisiari erreparatu zion. «Langileriaren aurkako estatu kolpea eman dute», esan zuen, eta egoera horretan urte askoan «agenda kanpotik ezarri» dietela adierazi zuen, baina sindikatuak «langileen borrokan oinarritutako gidoi propioa» idaztea lortu duela.
Eta, besteak beste, horri esker, «2008ko mandatua» bete du zuzendaritzak: sindikatua eraldatzea. «Aldarrikapenak, komunikazioa, irudia... eremuz eremu berritu dugu LAB, eta maiatzeko biltzarra prozesu horren hurrengo geltokia da»; egoera soziolaboralaren aldaketa handiak izan dira estrategia berriaren hauspoa, hein handi batean.
Aranbururi egokituko zaioLABen estrategia berritua gauzatzea, maiatzeko biltzarrean ezusterik ez bada, baina LABen geroa maila handi batean zehazturik jasoko du idazkari nagusi berriak. Biltzarrean hainbat oinarri proposatuko ditu egungo zuzendaritzak: «Kapitalismoan ez dagoela ongi bizitzeko aukerarik, eta sozialismo berria eraiki behar dela bizitza on bat edukitzeko». Feminismoari eta independentismoari begiratu behar zaiela sistema berria eraikitzeko, eta burujabetza lortzeko prozesua martxan dagoela jadanik.
ELA eta LABen aliantza
Etxaidek uste du badagoela gehiengo bat gizartea aldatzeko. «Aliantzak eta akordioak egiteko garaia da; Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako bidean ez dago inolako aukerarik Euskal Herrian alternatibarik eraikitzeko. Eredu sozioekonomiko berri batek nahitaez kokatzen gaitu estatus politiko berri baten borrokan». Alegia, eraldatze soziala burujabetza politikoarekin lotzen du: bata nekez izango da bestea lortu gabe.
Sindikatuen alor zehatzari dagokionez, ELArekiko harremana aipatu zuen, labur bada ere, «biltzarrean eskaintza zehatz bat» egongo dela iragartzeko. «Nahitaezkoa da aliantza sindikala. ELA eta LABen lankidetza berreskuratzeko eta hura egonkor egiteko eskaintza izango da».
Horren bestez, Etxaidek argi utzi zuen biltzar nazionala normaltasun baten barruan datorrela, epe eta forma aldetik «ohikoa» izango delako, baina «garrantzi berezia» duela gaineratu zuen. «Garai berri bat hastera goaz. Klase borroka antzinako gauza dela esan digute, eta hain justu guk kontrakoa diogu, eta klase borroka gure estrategiaren ardatz egingo dugu, inoiz baino gehiago».
Postutik lasai doanaren arrazoiak eman zituen idazkari nagusiak, zuzendaritzak «etxeko lanak» egin dituelako, eta «oso emankorra» izan delako. Bere agintaldian sindikatuaren ordezkaritza Hego Euskal Herrian bi puntu baino gehiago igo dela gogoratu zuen, eta afiliazioa «inoizko handiena» dela (40.000 afiliatu). 2008an ozta-ozta gainditzen zuen %15 Hego Euskal Herrian, eta 2016an %18 da kasik. «Mapa sindikal zurrun batean izugarria da igoera hori». Sindikatuaren barruan, era berean, inoiz baino jende gehiago dagoela lanean esan zuen. «Baturik iritsiko gara biltzarrera, eta horrek badu bere garrantzia, sindikatuko eremu guzti-guztietan egin ditugulako aldaketak, eta batzuetan oso sakonak». Zehaztu zuen sindikatu osoak egin duela «LAB berritua» esan ziona , «eta ez zuzendaritzak bakarrik».
Garbiñe Aranburu izango da LABeko buru, biltzarraren baietza jasoz gero
«2008ko mandatua bete» eta sindikatua «eraberritzeko prozesua amaitu» duelako, badoa Etxaide. «Agenda kanpotik ezarri» dieten arren LABek urteotan «gidoi propioa» idaztea lortu duela dio

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu