Maiatzaren Lehena

Garbiñe Aranburu: «Krisian, dogma neoliberal asko erori dira»

Maiatzaren Lehenean, «bizitza duina» bermatzen duen normaltasun berri baten aldeko borroka aldarrikatu du LABek

LABen auto karabana, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 1a
13:42
Entzun

Maiatzaren Lehena modu «ezohiko» batean ospatu du LABek, baina mami aldetik «langile harrotasuna aldarrikatzeko eguna» izango dela aldarrikatu du. Goizean zehar auto karabanak egin ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez, ordea, Nafarroan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu diolako.

Goizean programa  berezia egin du LABek bere web orrian, eta haren amaieran hartu du hitza Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak. Lehenik eta behin, gogoan izan ditu maiatzean 30 urte preso egin dituzten lau lagun. «Jarri pentsatzen gu nola sentitzen garen, eta zer izango den 30 urte baino gehiago espetxean egotea», eskatu die sindikatuko kideei. Halaber, gogoan izan ditu beren erasotzaileekin konfinamendua etxean pasatu behar duten emakumeak.,

Gertatzen ari dena osasun krisia baino harago doala ziurtatu du Aranburuk. Sistema osoa ikusten du krisian: «Sistema da gaixo dagoena; zaintza krisia, krisi ekologikoa, krisi soziala, horiek guztiak pilatzen dira sistemaren krisiaren barruan. Indarrean dagoen eredu kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honek ezinezko bilakatzen du bizitza duina». Gogoratu du urte «latza» izaten ari dela langileentzat, LABen zenbaketaren arabera, 29 lagun hil baitira aurten lanean ari zirela. Horiei gehitu behar zaizkie Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. «Guztiz onartezina da egoera».

Emakumeen lanen aitorpena

Krisiari alde on bat ikusi dio Aranburuk: «Ikusten ari da zeintzuk diren ezinbesteko lan horiek bizitza sostengatzeko. Kasu gehienetan emakumeon betetzen ditugun lanak, inolako aitorpen politikorik, ekonomikorik edo sozialik gabe. Guk aitortzen ditugu lan horiek, eskertzen eta txalotzen ditugu [...] Txaloetatik harago joan nahi dugu, haien bizi baldintzak borrokatzen jarraituko dugu».

Baina krisiaren alde txarra ere argi dauka LABek. Haren ustez, konfinamendua «kapitalaren eta enpresa handien interesen arabera» diseinatua izan da, eta hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daude erdigunean. Eta, horri lotuta, konfinamendua zentralizazioaren eta militarizazioaren aldeko apustua egiteko baliatzea egotzi die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Ondorio larria ikusten du: «Gure askatasun indibidualak urratuak izan dira, baita eskubide zibil, sozial eta politikoak ere».

Langileak «otzan» nahi dituen sistema baten aurka kalera atera behar dela aldarrikatu du Aranburuk, «gaur ez bada, bihar». Borroka hori enpresetan eta instituzioetan ere egin behar dela uste du. «Boterea fronte guztietan borrokatuko dugu», agindu du. Aldaketak egiteko aukera bat ikusten du, «krisian dogma neoliberal asko erori egin baitira».

Normaltasuna nahi du LABek, baina normaltasun berri bat. «Ez dugu normaltasun kapitalistara itzuli nahi, ez dugu bizitza duina eragozten duen eta planeta suntsitzen duen normaltasun bat nahi. Horregatik diogu premiazkoa dela beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz joatea. Premiazkoa da trantsizio ekofeminista bati ekitea, bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzeko. Iritsi da unea pilaketa eta aberastasun kapitalistaren zikloari amaiera emateko».

Kapitalari zerga berria

Aberastasunaren banaketa hobea nahi du sindikatuak, eta horretarako eskatu du egungo zerga politika aldatzea. Zehazki, proposatu du zerga berri bat ezartzea kapital errentek gehiago ordain dezaten.

Zaintza lanak aitortuko eta berrantolatuko dituen ekonomia bat aldarrikatu du Aranburuk, eta, horretarako, uste du «gehiengo zabal baten» moduan sektore publiko indartsu bat behar dela, osasun sistema publiko indartsua izango duena. Klimaren krisia dela eta, kontsumo eredua zalantzan jartzen duen herritar asko ere ikusten ditu, eta ildo horretatik eskatu du tokian tokiko ekonomiaren, energia burujabetzaren eta elikadura burujabetzaren aldeko apustua egitea. «Eta bide hori, hemen, Euskal Herrian egin behar dugu. Hemen egin behar dugu bizitza erdigunean jartzeko eredu berri baten aldeko borroka, Herri burujabetzaren bidetik eta beti ere, euskal errepublika sozialista eta feminista ortzimugan. Krisi honek utzi duen beste irakasgaietako bat oso argia delako: Estatuak beharrezkoak dira».

Eraldaketa sozialaren aldeko lanetan «indarrak metatzea» babestuko du LABek. «Bide hori ez dugu bakarrik egin nahi. Euskal Herrian gehiengo sindikal eta soziala gara bide horretan sinesten dugunak». Adibidetzat jarri ditu Eskubide Sozialaren Gutunaren aterkipean antolatutako greba orokorra eta Ipar Euskal Herrian gaur CGTrekin eta beste erakunde batzuekin batera antolatutako Maiatzaren Lehena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.