Garbitzaileak etzi iritsiko dira Ajuria Enera, oinez

Basauritik abiatu dira, eta ez dakite Ibarretxerekin bildu ahalko diren

Erredakzioa
2004ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Urtarriletik greban dauden Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek beste pauso bat eman zuten atzo «soldata duinak» lortu aldera. Oinez abiatu ziren hiriko Arizgoiti plazatik, eta Gasteizko Ajuria Enea jauregira helduko dira etzi.

Oraindik ez dakite Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin hitz egiterik izango duten, baina baikor dira. Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diote lan gatazkan esku hartzeko, Basauriko Udalaren eta FCC azpikontrataren «utzikeria» dela eta.Egunero 20 bat kilometro beteko dituzte eta bidean, lan jantzi berdeak eramango dituzte une oro. Laudion egin zuten lo atzo. Murgian hartuko dute ostatua gaur. Bihar, berriz, Gasteizen igaroko dute gaua. Garbitzaileek zeharkaldia baliatu gura dute bederatzi hilabeteko grebaren berri emateko Basauritik kanpo. Halaber, Ibarretxeren laguntza jaso nahi dute. Izan ere, langileek ohartarazi dute «gatazka konpontzeko ezgai» dela Basauriko alkate Rafael Ibarguen (EAJ). «Garbitzaileen lepotik gaizki esaka ibiltzea eta greba eskubidea zapuztea» leporatu dio Ibargueni ELAko Zerbitzuak Federazioko bozeramaile Jon Azpitartek.«Alkateraren burugogorkeria traba da», salatu du sindikalistak. Kezkatuta agertu da, gainera, FCC azpikontratako langileak betetzen ari diren lanpostuak publikoak bihurtzeko deialdia dela eta. Azpitartek uste du «beharginak kate motzean lotzeko azpijokoa» dela. «Benetako negoziazio prozesu bati heltzea» galdegin die Ibargueni eta FCC enpresako arduradunei.

Langileen eskaerak

Azkenaldion, langileak hirutan bildu dira Basauriko Udaleko eta FCCko ordezkariekin. Azpikontratak, ordea, uko egin dio soldaten igoeraren inguruan eztabaidatzeari. Garbitzaileek zera nahi dute: hilero 900 euro kobratu, lan bertsuan dabiltzan udal langileek beste, alegia. Ibargueni eskatu diote FCC estu hartzeko, baina Udalak esan du eskumenik ez daukala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.