Juan Ramon Apezetxea. Garen patronaleko idazkari nagusia

«Garenek emango luke pauso bat atzera erreformari begira»

ELAren jarrera ulertzen duela dio Apezetxeak, eta harekin ados jarri behar dela, «gehiengoa duelako». Garbi dio Confebasken ordezkaritza %5 baino ez dela, eta Garenek tokia nahi duela elkarrizketa sozialean.

XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2015eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Hogei urte baino gehiago eman ditu Adegin Juan Ramon Apezetxeak (Goizueta, Nafarroa, 1957), lan harremanetako arduradun gisa gehienetan. Duela bi urte utzi zuen Adegi Gipuzkoako patronala, bere lan baldintzetan arauz kanpoko aldaketak egon zirela-eta salaketa bat tarteko. Auzitegiak arrazoi emanda, orain Garen patronal berriko idazkari nagusi da, enpresa txikien beharrak babesten dituen patronalik ez zegoela sinetsita. Garenen bidez euskal lan harremanetan eragin nahi du, subjektu gisa. «Ezin dugu orain arte bezala jarraitu» dio, egungo korapilo askaezinari erreparatuz.

Aurretik estatus bat lortu behar du Garenek, ordea, oraindik ez duen ordezkaritza alegia. Hilabete joan da Iñaki Zuloaga enpresaria presidente duen proiektua plazaratu zutenetik, eta afiliazioak erritmo onean doaz. «Dagoeneko 100dik gora afiliatu dauzkagu. Urtebetean 400 bat izatea nahi dugu. Enpresa asko daude inolako afiliaziorik gabe, eta, ikusita eskaintzen dugun zerbitzuen katalogoa, uste dugu jendea hurbilduko zaigula. Datorren hilabetean Bizkaian hasiko gara zabaltzen, proiektu hau hiru lurraldeetarako baita». Bazkideek bideragarri egingo lukete proiektua, baita beste eragile batzuek jasotzen dituzten diru laguntzek ere. «Bazkide kopuru nahikoa lortuz gero, independentzia ekonomikoa genuke, kontuan hartuta zein egitura txikia dugun; ez dugu bizi nahi diru laguntzetan pentsatuz, nahiz eta horrek ez duen esan nahi uko egiten diogula finantzaketa horri. Beste batzuei ematen diete, patronalei bezala sindikatuei eta alderdiei ere».

Leku bat nahi dute mahaian

Baina zein da Garenek egin dezakeen ekarpena? Aldagai zehatzak aipa ditzala eskatuta, Apezetxeak garbi erantzun du: «Hiru hanka nagusirekin jaio gara: enpresaren ordezkari izan nahi dugu erakundeen aurrean; negoziazio kolektiboan aritu; eta baita elkarrizketa sozialean ere. Erakundeekin hitz egiteko ez da behar kopuru zehatzik. Gure ekarpena interesgarri egiten zaien edo ez, horrek finkatuko du helburu hori betetzea». Negoziazio kolektiboan eragiteko arauek finkatzen duten ordezkaritza behar da, ordea, eta oraingoz Garen ezin da hor sartu, nahiz eta Confebaskeko lurraldeetako patronalek ez eduki ordezkaritza osoa. «%100eko ordezkaritzarekin aurkeztu, eta agian %12koa dute, baina besteek gutxiago dutenez, ba, %12koak dauka negoziatzeko ahalmena. Arau hori bera aplikatu dute Hobetuz-en egoteko edota Lanbiden egoteko, eta ez du zertan horrela izan; legeak ez du hala esaten». Elkarrizketa Sozialeko Mahaian egoteko, Arantza Tapia eta Angel Toña sailburuekin bilerak eskatu ditu Garenek. «Toñari esango diogu guk badaukagula zerbait esateko, eta ez bakarrik enpresa askoren ordezkari garelako, baizik eta elkarrizketa sozialean ez delako ezer berririk ateratzen ari orain arte».

Toña Enplegu sailburuak, ordea, aurreko egunetan garbi esan zuen nahiago zuela «patronal bakarra negoziatzeko». Ez du ematen Lakuak harrera ona egin dionik Gareni. «Normala da dagoen estatusarekin funtzionatu nahi izatea, baina estatus horrekin funtzionatzen ari dira gauzak?», galdetu du Apezetxeak. «Toñak hori esan badu, ongi, baina guri esan digute ateak irekita dauzkagula, bai Jaurlaritzan bai alderdian. Badakigu kudeatzea zailagoa dela asko dauden mahaian, baina zerbait berria ekartzeko daukagunoi lekua egiteko non dago arazoa?».

Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak ere BERRIAk egindako elkarrizketan ozen esan berri du «enpresarien ahotsa» Confebaskena dela eta «pozik ez dagoen jendea» edonon dagoela, Apezetxearen iragan hurbilari erreparatuz. «Orain beraiek dira negoziatzeko ahotsa, horrela da. Azken 30 urteetan hala izan da. Baina, hasteko, ez gatoz inor inondik kentzera. Batzera gatoz, ez kentzera. Confebaskek enpresen %5 baino ez ditu ordezkatzen EAEn, eta kito. Hortik aurrera gu saiatuko gara ordezkaritza bat izaten. Bestalde, pozik ez daudenak leku guztietan daudela esatea... Juan Ramon Apezetxearen arazoak Juan Ramon Apezetxearenak dira. Eta ez da pozik egotea ala ez, egiteko modu batzuek ez dutela emaitzarik lortu ikustea da kontua. Deitu diezaiotela nahi duten bezala, baina enpresari txikiei begira gauzak beste modu batera egiteko modua erreibindikatzen dugu, ez besterik».

Jaurlaritzaren eta Confebasken jarrerari begira, Gareneko idazkari nagusiak garbi dio arazo bakarra demokratikoa izatea dela. «Gehitzera etorri gara, ez kentzera, eta Confebaskek eta gobernuak berak ez badute horrela ikusten, arazo bat izango dute jarrera demokratikoarekin».

ELArekin ados jartzea

Sindikatuei dagokienez, harremanak bestela dira. «Gehiengoak errespetatu behar direlako»,ELArekin ados jartzeko beharra nabarmendu du Apezetxeak. «ELAk oso zaila du bere posiziotik mugitzea; hemen denek dute lekua, baina gehiengoak errespetatu behar dira, eta ELAk sentitzen du gehiengoa edukitzea berdin izaten ari dela. Eta ulertzen dut sentipen hori zenbait gauza ikusita. Beraien haserrea normala da batzuetan. Eta ez naiz ari esaten arrazoi guztia dutela, euren egoera ulertzen dudala baizik».

Confebaskek orain arte proposatu duenari «oihanaren legea» esaten dio; «hori ez da ona inorentzat, ez enpresarientzat, ez sindikatuentzat eta ez langileentzat». Enpresa kultura berriaz ere bere interpretazioa dauka: «Proposamen horren parte bat martxan dago jada horretarako egitura duten enpresa batzuetan, aspaldian gainera. Langileek tailerrean lanean ikusi dute betidanik euskal enpresaria, beraiekin nor baino nor, eta horrek sortu du konfiantza. Enpresari txikiak sortu du enplegu gehiena eta aberastasuna herri honetan, buzoa jarrita eta etika jakin batekin. Salbuespenak badira, baina begiratu diezaiogun gehiengoari».

Hori dela eta, uste du negoziazio kolektiboan zubiak eraiki behar direla, sindikatuen jarrera ere alda dadin. «ELAk apustu bat egin du enpresari begira, eta etekina aterako dio agian, baina zaila egiten zait pentsatzea langile gehienak itunik gabe utzi nahi dituela. Ez dut horrela ikusten, ez dut sekula ikusi hori. Edo zain daude gauzak noiz aldatuko, edo momentuko estrategia bat da, baina ezin dut onartu ELAk hori nahi duela esatea, batek edo bestek esaten duen moduan. Sindikatu gisa bazkide-bezero jakinei esker aritu nahi dutela esatea gogorregia da. Hori ez dago bere diskurtsoaren muinean, eta are gutxiago LABen diskurtsoan».

Erreformaren aroan akordio zabalak aukeraren ba ote du? Enpresariek erreformaren zati garrantzitsuei uko egiteko prest egon beharko lukete akordio zabal horien alde? Garenen estrategiak «pauso bat atzera» ematea jasotzen du alor horretan. «Erreforma aldatu egingo da, nire ustez, eta ez da txarrerako izango negoziazioari begira. Hauteskundeen emaitzak ikustea baino ez dago. Baina erreformak ez ditu esaten diren onura batzuk eman. Esportazioen hazkundea eta lan kostuak jaistea eta abar, krisiak berak bultzatuko zituen, erreformarik gabe. Lehen ere egon dira krisiak, baina ez horrelako erreformak».

Hori dela eta, Adegik, Cebekek eta SEAk egun eskaintzen ez dituzten aukerak eskainiko lituzke Garenek negoziatzeko estatusa balu. «Igual orain hiru urte beste erantzun bat emango nizun, erreformaren aldekoa nintzelako artean. Uste nuen oreka bat behar zela, ezin negoziatzea oso gogorra delako enpresarientzat. Zerbait betiko bada, itunak alegia, negoziazioa izateari uzten dio».

Gauza bat esan, bestea egin

Zer aldatu da ordutik hona? «Esperientziak erakusten du ezin zaiola orain hiru urteko posizio berari eutsi. Inork ez daki urrats bat atzera egiten jadanik, hainbeste gogortu dira posizioak. Garenek uste du jakin behar dela pauso bat atzera ematen. Egoera honek ez dakar onurarik inorentzat. Besteei pausoak atzera emateko exijitu aurretik norberak eman behar ditu. Enpresa asko esaten ari dira erreforma ondo dagoela, eta gero enpresa itunetan hark jasotzen dituen hainbat aldagairi uko egiten. Beraz, arazoa ez da klausula hori edo bestea, egoera zehatzak baizik, errealitate zehatzak. Ultraaktibitatearen eta itunak urratzearen arauei ezin zaie eutsi talibanak bagina bezala. Pauso bat atzera emateko aukera izango bagenu, Garenek emango luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.