Garraiolari bat hil da A-8an Irunen, gidatzen zuen kamioia iraulita

Ibilgailu berean zihoan bigarren laguna zaurituta eraman dute erietxera; Hiruk salatu egin du gertatutakoa

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Garraiolari bat hil eta beste bat zauritu zen atzo Irunen, kamioia bidetik irten eta irauli ostean. Goizaldean gertatu zen ezbeharra, 01:00ak jotzeko minutu batzuren faltan, A-8 autobidean, Bilboko noranzkoan. Kamioia autoz kargatuta zihoan, eta barruan bi lagun zihoazen, gidaria eta haren laguntzailea. Gipuzkoan sartu eta berehala, Irun parean zihoazela, ibilgailuaren kontrola galdu zuen gidariak. Kamioia errepidetik irten zen aurrena, eta irauli egin zen gero. Hartutako kolpe eta zaurien ondorioz, segituan hil zen gidaria, larrialdietako langileak iristerako. Horrenbestez, haren heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin. Ibilgailu berean zihoan bigarren laguna, berriz, erietxera eraman zuten, zaurituta.

Hildako langilea gizonezkoa zen, 36 urte zituen eta txekiarra zen. Haren laguntzailearen inguruko informaziorik, berriz, oraingoz ez du jakitera eman Ertzaintzak. Soilik erietxera eraman zutela ziurtatu du, baino ez du argitu zein den bere osasun egoera.

Istripua jazo eta berehala, Ertzaintzak itxi egin zuen A-8 autobidea Bilboko noranzkoan, eta autoak G-636 errepidera desbideratu zituen. Zortzi ordu geroago, 09:00ak aldera, zabaldu zuen, baina errail bat besterik ez. Istripuaren zergatiak ikertzeko ikerketa hasi zuen Ertzaintzak.

Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak elkartasuna adierazi die hildako eta zauritutako garraiolarien ingurukoei, eta, dolu gisa, 24 orduz xingola beltz bat jartzeko eskatu die garraiolariei. Baina, elkartasuna ez ezik, haserrea ere adierazi du, Euskal Herrian aurten istripuz hiltzen den hirugarren garraiolaria eta astebetean hiltzen den bigarrena delako. Autonomoak izateagatik gizarte babes txikiagoa dutela gaitzetsi du, gainera.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuz hiltzen den hemezortzigarren langilea da.

Baionako portuan hildako bat

Baionako portuko Agriva enpresako langile bat hilik aurkitu zuten lantokian, hilabete hastapenean. Poliziaren lehen hipotesia zen bere buruaz beste egin zuela, baina familia ez dago horrekin erabat konforme, besteak beste, garondoan duelako kolpe garrantzitsu bakarra. Horregatik, zer gertatu zen ikertzen ari dira senideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.