Kamioilari britainiar bat hil da gaur goizean Pasaiako portuan. Itxuraz, bihotzekoak jota hil da, baina, sukar handia zuenez, koronabirusaren protokoloa ezarri diote, bai hari, bai hura artatzen aritu ziren portuko langileei.
Pasaiako Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, 09:30ak aldera, Irlandan arrantzan aritzen diren ontzietako arrainak deskargatu ondoren, Herrerako kaiko aparkalekuan zegoen garraiolaria, portuko sarreraren aurrean. Ibilgailutik jaitsi, eta zaintzaileei keinuka hasi zaie, besoan min handia zuela eta. Desfibriladore batekin joan dira, eta anbulantziari deitu diote, baina berandu izan da, kamioilaria dagoeneko hilik baitzegoen.
Osasun langileak ohartu dira 39 graduko sukarra zuela, eta koronabirusaren protokoloa ezarri diote. Ondorioz, harekin harremanetan izan diren portuko lau langileak eta bertaratu diren beste batzuk etxera bidali dituzte. Probak egiteko eskatu du portuak, haiena oinarrizko lan bat delakoan. Anbulantzietako langileak babestuta zeudela esan du.