«Garrantzitsuena ez da tipoa, enpresek benetan ordaintzen dutena baizik»

Sozietate zerga %28ra jaistea adostu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko bi alderdiek, EAk eta EAJk. Batzar Nagusien oniritzia lortu beharko dute orain indarrean jartzeko.

Miren Garate.
2008ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoako sozietate zerga %30etik ez jaistearen alde egin zuen iaz EAk. Baina krisiak egoera aldatu duela eta, %28 ere balekotzat eman du aurten. Izan ere, Pello Gonzalezentzat, finantza sistemak «herritarren zerbitzura» egon behar du. Tipoa jaitsi arren, inbertsioetarako eta gizarte ekintzarako diru kopurua mantendu ahal izango dela dio, «zikloaren aurkako politika» egin eta zorpetzearen alde eginda.

Iaz, azkenengo egunean eta dekretuz onartu zuen EAJk sozietateen zerga %28an finkatzea. EAk ez zuen babestu ekimena. Zergatik aurten bai?

Guretzat tipo orokorra ez da garrantzitsuena. Enpresaburuak dirua poltsikoan gorde beharrean inbertsioak egitera bultzatu izan ditugu beti. Eta orain onartutako neurriak ere alde horretatik doaz. Berrikuntzan eta enplegu sorreran kenkariak egingo dira, eta hori herrialdearentzat funtsezkoa dela uste dugu. Egia da krisiak ere egoera aldatu egin duela. Lehen EA eta beste alderdi batzuk %30etik ez jaistearen alde zeuden, baina orain zaila da hor mantentzea. Kontuan hartu behar da Europako batez bestekoa %24an dagoela. Nik uste dut zergek herritarren zerbitzura egon behar dutela eta momentuaren arabera aldatu ere egin daitezkeela.

Tipo orokorra %28 izan arren, kenkariak egin eta gero zenbat ordaindu ohi dute enpresek?

Batez besteko tipoa%15,6 inguruan dago. Baina gure helburua da aurten kopuru hori igotzea. Kudeaketaren bidez, egiten diren kenkariak benetan egin beharrekoak izatea lortu nahi dugu. Seguru nago, gainera, eta erronka hori jarri diogu geure buruari, era horretan%28tik %30era dagoen diferentzia berreskuratzeko gai izango garela. Beraz, garrantzitsuena ez da tipoa, baizik eta enpresek benetan ordaintzen dutena.

Batzar Nagusiek erreforma onartuko dutela uste duzu?

Bakoitzak historikoki izan duen jarrera kontuan hartuta, PPrekin akordioa lor dezakegula uste dugu, nahiz eta azken asteotan haien jarrera ez den hain argi geratu, eta gehiago jaisteko ere eskatu duten. PSE-EErekin lortzea ere ez dugu baztertzen. Nik, arduraz jokatzeko eskatuko nieke guztiei, arau horrek Gipuzkoari segurtasun juridikoa emango diolako. Alde bozkatu nahi ez badute ere, gutxienez abstenitzeko eskatuko nieke.

Akordiorik lortu ezean, dekretuaren bidea erabiliko duzue iaz EAJk egin bezala?

Iazko esperientziaren ondotik barne dokumentu bat adostu genuen EAJrekin. Joseba Egibar eta Iñaki Galdos bi presidenteek sinatu zuten, eta EAJk eta Markel Olano ahaldun nagusiak konpromisoa hartu zuten berriro ere ez zutela dekretuaren bidea erabiliko. Bide hori erabat baztertzen dugu. Beraz, akordiorik lortu ezean, %32,6koa izango da aurrerantzean ere sozietate zerga. Horregatik diogu gehiago jaistea nahi izanagatik ere onartu egin behar luketela %28koa.

Espainian 400 euroko laguntza ematen jarraitzea erabaki dute. Gipuzkoan ere indarrean segitukodu neurriak?

Kostu handia du herrialdearentzat, 111 milioi, eta ez dugu uste haren eragin positiboak hainbestekoak direnik. EA eta EAJ laguntza hori kentzearen alde gaude, diru hori beste era batera erabilita probetxu gehiago atera daitekeela uste dugulako. Gainerako alderdiei hori proposatuko diegu.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik (PFEZ) atxiki beharreko portzentajeak aldatuko dituzue?

Diru gutxiago jasotzerik nahi ez dugunez, atxikipen taulako azken zenbakia eguneratzea erabaki dugu, gehiago dutenek edo dugunok gehiago ordaintzeko. Orduan 60.000 euro baino gehiagoko errenta duten 6.000 gipuzkoarrek %1 gehiago ordaindu beharko dute. Gainerako atxikipenak ez ditugu ukituko.

Aldaketa gehiago izango dira PFEZn?

Familiei egin beharreko kenkariak Arabak eta Bizkaiak egiten dituztenekin parekatuko ditugu, eta horrek 6 milioiko kostua izango du Ogasunarentzat. Jaiotza tasa ez dago nahi genukeen bezain ondo, eta, etorkizunean behar adina diru izan dezagun, ongi iruditzen zaigu familiak laguntzea. Etxebizitzak saldu eta berriro inbertsioa egin arteko epea ere urtebete luzatuko dugu, hiru urtera. Etxebizitzen egoera dagoen bezala egonda, komenigarria iruditu zaigu. Mendekotasunen bat duten pertsonen zaintzaile ez profesionalen errentek ere ez dute ordaindu beharrik izango. Aurrejubilazio kasuetan, kopuru hori hurrengo urtean ordaintzen zaio ogasunari, baina bi urtean ordaintzeko aukera ematea nahi dugu.

Ondare elkarteen gaineko zerga %18tik %24ra igotzea da hartu duzuen beste erabakietako bat. Zergatik?

Gure ustez, elkarteen gaineko zerga ordaintzea saihesteko bide gisa erabiltzen dira ondare elkarteak. Beraz, haiei ere enpresa ertain eta txikiei bezala ordainaraztea nahi dugu edo, bestela, deuseztea eta aurrezki gisa ordain ditzatela jabeek.

Ondareen gaineko zerga deuseztea da Europako joera. Gauza bera egiteko asmoa duzue?

Orain arteko diru kopurua biltzen jarraitu nahi dugu, eta aurten 56 milioi jaso ditugu zerga horren bidez. Komenigarria iruditzen zaigu ondareekin lotutako zerga bat mantentzea, oraingoz, ondareen gaineko zerga. Baina gogoeta zabaldu nahi diegu, bai Zerga Koordinaziorako Organoari eta bai gainerako alderdiei ere, iruditzen zaigulako erreforma behar duela.

Krisiak nola baldintzatuko du Gipuzkoako Ogasuna?

Krisiari aurre egiteko tresna gisa erabili nahi dugu zerga sistema. Badakigu krisiagatik diru gutxiago jasoko dugula, baina saiatu behar dugu murrizketa hori ahaliketa txikiena izaten, Gipuzkoak gizarte ekintzarako eta inbertsioetarako baliabideak behar baititu.

Aste honetan bertan iragarri duzu Ogasunak %8,2 diru gutxiago jasoko duela datorren urtean. Horrek esan nahi du gizarte ekintzan gutxiago gastatuko duzuela?

Zikloaren aurkako politika egingo dugu. Baimenduta dagoen mailarik altuenean zorpetuko gara, 53 milioian. Horrekin lortu nahi dugu gaur egun adina inbertitzen segitzea, eta, bestetik, gizarte ekintzara ere orain arte beste bideratzea. Gerrikoa ere estutuko dugu. Departamentu bakoitzak %9 gutxiago gastatuko du, inbertitzeko diru gehiago izateko. Zorpetzearekin eta gastuak murriztearekin moldatzeko gai izango gara.

Araba eta Bizkaiko ogasunek zer iritzi dute zuek proposatutako erreformaren inguruan?

Ondare elkarteen zergarena eta berrikuntzagatik kenkariarenak egitearena ez zaie gehiegi gustatu. Aldiz, langileak kontratatzeagatik kenkariak egitea begi onez ikusi dute.

Luxenburgoko epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren esku utzi du euskal zerga ssitemaren autonomiari buruzko erabakia. Zer epai espero duzue?

Juliane Kokott abokatuaren esanen ondotik argi dago Azoreei eskatutako hiru baldintzak betetzen ditugula. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erabakia hartu aurretik kontsulta egin dio bere gainetik dagoen erakunde bati, eta erakundeak esan duena berretsi beharko luke.

Komunikabide batek argitaratu duenez, kereila bat jarri dute zure aurka Irungo Ogasunaren aferan datu pribatuak kaleratzeagatik.

Oraindik ez daukat horren berri ofizialik, eta ezagutu artean ez dut hitz egingo. Kontzientzia erabat lasai daukat eta egin behar nuena egin dut. Larria izan zen gertatutakoa, eta iruzur egin duten horiek diputatuaren aurka kereila jartzen badute, gauzak ongi egiten ari garen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.