«Astakeria hutsa». Hitz horiek erabili ditu EH Bilduk, Gasteizko Udalak aurkezturiko asmoa deskribatzeko. Gorka Urtaran alkatearen (EAJ) gobernuak Leap (jauzi, ingelesez) egitasmoa aurkeztu du, eta horretan 428.000 euro eskatuko ditu Europako Funtsetatik El Corte Ingles saltoki handiaren zamalanetarako kaia Abastos azokaren lur azpiko kaiarekin lotzeko. Oposizioak askotan salatu izan du saltokiak berak ez ordaintzea lan horiek.
Europako Batasuneko berregituratzeko funtsetatik dirua jasotzeko egitasmoak aurkeztu ditu Maider Etxebarria Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak (PSE). Etxeberriaren sailak 1,3 milioi euro eskatuko dizkio EBri, «tokiko merkataritza berpizteko» helburua aipatuta. Horretatik milioi bat euro baino gehiago Salmenta puntuaren eraldaketa deituriko egitasmo multzoa ordaintzeko lirateke, eta horren diru sailik handienetan bigarrena —lehen aipaturiko 428.000 euro horiek— El Corte Ingles saltokiaren lanak egiteko dela salatu du EH Bilduk. Koalizioak gaineratu duenez, Gasteizko Udalak beste 500.000 euro eskatu nahi dizkio Eusko Jaurlaritzari horretarako. «Horrela, BEZa aintzat hartuta, guztira 1,1 milioi euroren zuzeneko finantzaketa publikoa jasoko luke El Corte Ingles merkataritza gune pribatuak». Urtaranen gobernuak ez zuen lortu Eusko Jaurlaritzak 800.000 euro jartzea horretarako 2018. urtean, eta Udalak ordaindu asmo zuen obra osoa. El Corte Inglesek bakarrik karga altxagailua eta zamalanetarako egitura ordainduko lituzke.
«Astakeria hutsa da tokiko merkataritzari laguntzeko ideiaren atzetik ezkutatzen dena izatea hiriguneko saltoki handi batentzako obrak finantzatzea, urtez urte irabazi handiak dituenean, gainera», esan du EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok. Ordezkariak gaineratu duenez, «astakeria are handiagoa» da Urtaranen gobernuak gastua justifikatzeko helburuen artean «gosea amaitzea» aipatu izana, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat egiten duela irudikatzeko. Salatu duenez, Gasteizek «trantsizio ekologikoa, produktiboa eta antzeko erronka itzelak» dituen arren, Europako dirua eskatzeko orduan «EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkataritza gune handi baten interes pribatuak aurretik jartzea».
Eibarkoa, biltegi
Aurten El Corte Inglesen beste saltoki bat izan da albiste: Eibarkoa (Gipuzkoa). 2009. urtean, 20.000 metro koadroko saltokia eraiki zuen, 27.000 biztanle baino ez zituen hiri batean. Eibarko udalak doan eman zion orubea, 75 urterako, azpiegitura eraiki eta aparkalekua egitearen truke. Orduan ere, herriko merkataritza berpizteko asmoa aipatu zuten proiektua aurkezteko.
Ez zuen, ordea, espero besteko arrakasta eduki, eta aurtengo uztailean itxi dute saltokia, —optika eta bidaia denda izan ezik—, eraikina biltegi eta logistika zentro bilakatzeko, Internet bidezko salmentari begira.