Gasteizen zauritutako gaztea arriskutik kanpo dago

Ertzainak oldartu egin zaizkie Xuban Nafarrateri elkartasuna adierazteko bildutako lagunei

Nafarrateri babesa adierazteko atzo egindako elkarretaratzean ere istiluak izan ziren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Xuban Nafarrate herenegun baino askoz ere hobeto dago; «larritasuna pasa da», Joseba Nafarrate aitaren arabera. Gasteizko Santiago ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen du, baina «sekulako aldaketa» egin du: herenegun gauean, konortea galdua zuen, eta atzo goizean hitz egiten hasi zen —BERRIAk haren aitari deitu zionean berak hartu zuen telefonoa—.

Xuban Nafarrate 19 urteko gaztea larri zauritu zen greba orokorraren egunean, ertzainekin liskarra izan eta gero. Kolpe gogorra jaso zuen buruan, eta ospitaleratu behar izan zuten. Zehazki, buruaren ezkerreko aldeko hezur parietalean jaso zuen kolpea, belarriaren ondoan. «Lokian izan balitz... akabo», aitaren esanetan.

Joseba Nafarratek goitik behera gezurtatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gertatutakoaz emandako bertsio ofiziala. «Gezur pila bat esan dituzte», salatu du, «bai Herrizaingo Sailak, bai hainbat komunikabidek». Ertzainek lau metrotik pilotakada bat eman, lurrean jipoitu eta ahoan grebaren aldeko eskuorriak sartu zizkiotela dio. Hiru edo lau lekuko dituela. Herrizaingo Sailaren arabera, berriz, Xuban Nafarrate eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari ziren eta ertzainengangik ihesi zihoala gaztea lurrera erori zen.

Xuban Nafarrate grebaren aldeko eskuorriak banatzen ari zen Gasteizko hainbat institututan, hiru lagunekin batera; «pikete informatiboa zen». Ekialde institutuan zeudela, Juan XIII.a kalean, «ertzainek furgonetekin kalea itxi zuten bi aldeetatik, eta su eta gar sartu ziren». Aitak «segada» izan zela uste du, «antolatutakoa».

Eskuorriak ahoan

Gazteak Ekialde institutuko patiora sartzen saiatu ziren. Xubanek ez zuen lortu. Aitak dio Xubanek gomazko pilota bat jaso zuela buruan, lau metrotik tiro egina, eta lurrera erori zela. «Lurrean jipoitu egin zuten; eskuorriak sartu zizkioten ahoan, eta jateko agindu zioten». Lekukoak daudela berretsi du. Xuban Nafarratek hamabost minutu egin zituen lurrean, espasmoekin eta konbultsioekin, anbulantzia iritsi aurretik.

Familiak neurriak hartuko ditu. Hasteko, Eusko Legebiltzarrean gertatutakoari buruzko galderak egingo dizkiote Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. «Gezurra esatekotan, aurpegira esatea nahi dut», dio Joseba Nafarratek. Eusko Alkartasunak Aresen agerraldia eskatu du, gertatutakoa argitzeko.

Epaitegietan salaketa ere jarri nahi dute. Gaur joango da ospitalera familiaren abokatua, gaiaz hitz egiteko. Joseba Nafarrete prest dago Herrizaingo Sailaren kontrako salaketa aurkezteko: «Sekulako erantzukizuna dauka. Ezin dira kalera horrela atera. Ezin gaituzte herritarrak babesik gabe utzi».

Atzo ere istiluak izan ziren Gasteizen. Xuban Nafarreteri elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin zuten Andre Mari Zuriaren plazan, eta ertzainak oldartu egin zitzaizkien. Hiru lagun atxilotu zituzten, ustez istiluak sortzeagatik, eta bi inputatu zituzten, bata deseobendientzia larriagatik eta bestea ertzainak irantzeagatik. Herrizaingo Sailaren arabera, ez zeukaten kontzentrazioa egiteko baimenik. Ertzainek argazki kameretako txartelak kendu zizkieten hainbat laguni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.