Finantza merkatuen jomugatik kanpo dagoen arren, Erresuma Batua ere bete-betean harrapatu du krisiaren okertzeak. Hazkunde iragarpena erdira murriztu behar izan du Londresko gobernuak —%1,7tik %0,9ra aurten—, eta horren ondorioz defizita gutxitzeko ahaleginetan huts egiten ari dela onartu du George Osborne Ekonomia ministroak. Diru gehiago aurrezteko neurriak iragarri ditu. baina, aldi berean, azpiegituretan inbertsioa handituko du ekonomia bultzatzeko.
Murrizketen zati handi batek langile publikoei eragingo die:aurten eta datorren urtean ezarri dieten soldata izozteari erosteko ahalmenaren galera handiagoa gehituko zaie 2013an eta 2014an, haien soldatak %1 baizik ez dituelako igoko David Cameronen gobernuak. Galera oso handia da, kontuan izanik inflazioa %5en bueltan dagoela. Giro horretan baliteke funtzio publikoko 25 sindikatuk gaurko deituta duten protesta egunaren jarraipena handiena izatea 1926ko greba orokorraz geroztik. Margaret Thatcherren gobernuak debekatu egin zituen greba orokorrak 1980ko hamarkadan, baina sektore publikoko sindikatuek banakako lan uzteak koordinatuta egin diote izkin debeku horri.
Gastua gutxitzeko beste modu nagusietako bat funtzionarioen gutxitzea izango da: 2017ra bitartean 710.000 lanpostu kenduko dituzte funtzio publikoan, aurretik ziotena baino 300.000 gehiago.
Pentsiopublikoak inflazioa adina igoko dituzte, baina horietan ere gastua gutxitzearren, erretiroaren adina uste baino goizago atzeratzea erabaki du Osbornek: 2034ean hasi nahi zuten pentsioa jasotzeko adina 66 urtetik 67 urtera atzeratzen, baina 2026an hasi eta 2028rako egingo dute.
Ministerio guztietan gastua txikituko dute, hezkuntzan eta osasunean izan ezik. Zerga aldetik, finantza eragiketak zergapetzeko inolako asmorik ez duela berretsi du Osbornek, baina bankuei zerga berezia ezartzen jarraituko du. Erregaiaren gaineko zerga urtarrilean hiru penike igotzeko asmoa abuztura arte atzeratu du.
Gastua azpiegituretan
Gastuaren murrizketari egotzi dio Osbornek merkatuek Erresuma Batua ez zigortzea. Astelehenean Alemaniak baino interes txikiagoa lortu zuen. Baina Osbornek onartu egin du egiturazko defizita ezingo duela 2016ra arte ezabatu, espero zuena baino bi urte beranduago. Europako Batzordearen arabera, %9,4ko defizita izango du aurten eta %7,8koa 2012an. Espainiak, esaterako, %7tik beherakoa izango du aurten eta %4,4ean utzi nahi du 2012an, baina Londresek ia halako hiru pagatzen du interesetan.
Baina dena ez dira murrizketak izango. Zenbait arlotan gastua handituko duela agindu du Osbornek, eta horiek baliatu nahi ditu ekonomiari bultzada emateko. Horrela, beste leku batzuetatik kendutako 5.000 milioi libera errepideak eta trenbideak berritzeko erabiliko dituzte. Gainera, pentsio funtsei eskatu die azpiegitura planean beste 20.000 milioi inbertitu ditzaten. Erresuma Batua lehenengoetarikoa izan zen Europan kapital pribatua azpiegitura publikoetarako erabiltzen, eta horretara erakarri nahi ditu Ekialdeko funts subiranoak ere. Funts pribatu horien diruaren zati bat eskolen berritzean ere inbertitzea nahi dute.
Londresek espero du zorra BPGaren %78ra iristea 2014ean, eta ordutik aurrera murriztea. Zorra %146ra iristen da baldin eta Londresek banku nagusietan —Royal Bank of Scotlanden etaLloydsen bereziki— jarri duen dirua zenbatuz gero. Banku horien akziodun nagusia da orain Estatua.
Zorraren krisia
Gastu publikoa gehiago gutxituko du Londresek, merkatuek bakean utzi arren
Gaur grebara deituta dauden funtzionarioei soldata jaitsierekin eta kaleratzeekin erantzun die Erresuma Batuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu