Europako Batzordeak uste du orain indarrean dauden neurriekin Portugal ez dela gai izango defizita murrizteko, eta «kontuak egonkortzeko» neurri gehiago hartzeko eskatu dio. Hau da, gastua gehiago murriztea edo zergak gehiago igotzea.
Portugal da, Europako herrialdeen artean, Greziaren urratsei jarraitzeko hautagainagusia. Hori eragozteko, Jose Socratesen gobernuak errenta handiei zerga %45era igo die, funtzionarioen soldatak izoztu ditu, eta hainbat azpiegitura lan atzeratu. Neurri horiek nahikoa ez direla esan du Olli Rehn Europako Ekonomia komisarioak. Rehnek aitortu du oharrak agian kalte egingo diola nazioarteko merkatuetan, baina ez egiteak «egoera okertuko» lukeela esan du justifikatzeko.
Europako Batzordeak Greziaren moduko kasuak saihesteko hiru proposamen mahai gainean jarri zituen atzo: kontu publikoak kontrolpean mantentzen ez dituztenei zigorrak handitzea, Grezia salbatzeko baliatuko den sistema iraunkorra egitea, eta estatukideen aurrekontuak Brusela- ren oniritzia behar izatea.
Ordainagiriak taxi gidariei
Grezia salbatzeko plana zehaztu izanak pare bat egunez baretu ditu merkatuak, baina atzo berriro gora egin zuten herrialde horrek pagatu behar dituen zorraren interesek.
Atenasen, Greziako Parlamentuak ontzat hartu zuen zerga araudiaren erreforma. «Mezu garbia bidaltzen ari gara. Aurrerantzean ez dira onik aterako zerga iruzurrean aritzen direnak», ziurtatu zuen Giorgos Papandreu lehen ministroak. Esku dirutan pagatutako operazioak gehiago kontrolatuko dituzte, eta aurrerantzean taxi gidariek, abokatuek eta kamioilariek ordainagiriak eskatu beharko dituzte, BEZean iruzurra gutxitzearren. Taxi gidariek bi eguneko greba hasi dute. Eliza ortodoxoaren gaineko zergak ere handitu dituzte.
Gastuak gehiago murrizteko eskatu dio Bruselak Portugali
Zerga bilketa handitzeko eta iruzurra gutxitzeko legea onartu du Greziako Legebiltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu