Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxeberriak kimu berdeak defendatzen dituztenen hitzak hoztu ditu gaur Elkargik antolatutako Finantzen Foroan, Bilbon. "Hondoa gertu daukagu, hondatzea apalagoa dela sumatu daitekeelako, baina errealitatea da gainbeheran jarraitzen dugula". Hala esan du Gatzagaetxeberriak, eta erantsi du egoeraren azterketa "zuhurra eta errealista" batetik abiatuta azaldu behar dela euskal ekonomiaren benetako unea.
Krisiaren irteera "motela eta zaila" izango dela dio Ogasun sailburuak, eta ohartarazi du urteko laugarren hiruhilekoan hazkundea izaten bada ere, "ahula eta ez nahikoa" izango dela enplegua sortzeko. Horregatik uste du, dauden bitarteko "eskasak" ongi kudeatu behar dituztela agintariek, zerbitzu publikoen "eskaera andanari" erantzun ahal izateko. Bitarteko "eskas" horiekin enpresei ere "finantza lanabesak" eman behar zaizkiela gaineratu du.
Elkargiren presidente Josu Sanchezek txalotu egin du EAJk eta PSE-EEk egin berri duten akordioa ekonomiaren arloan, "esperantza" pizten duelako. Sanchezi, ordea, ez zaio gustatu akordio horrek jasotzen duen itun fiskala. Zerga igoerak ez du "enplegua eta ekonomia suspertuko", Elkargiren buruaren ustez.
Bilbao: "Erreforma baliatuta 'garbiketa' egiten ari dira batzuek"
Hain zuzen, erreforma fiskalari buruz Cebec Bizkaiko patronaleko presidente Iñaki Garcinuñok esandakoari erantzun dio Radio Euskadin Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok. Erreforma horrek "interes orokorrak defendatzea du helburu, eta ez bakarrik patronalarenak", esan du Bilbao. Cebekeko buruak esan zuen erreforma hori ez dela "patronalak nahi duena".
"Hala da", esan du Bilbaok; "ez da euren erreforma, EAJ eta PSE-EErena baizik, eta Diputazioak bere egiten duena %100ean". Bizkaiko ahaldun nagusiak gidatzen duen erakundeak patronalarekin duen harremanari begira, aitortu du "oraindik" minduta dagoela enpresariek Urkullu lehendakariari "atea itxi" ziotelako uztailaren 7aren aurretik lan itunak berritzeko proposamena egin zuenean Lan Harremanen Kontseiluan. "Gaizki hartu nuen", esan du Bilbaok, eta erantsi gero eta lan gatazka gehiago egotea ez dela ona ekonomiarentzat.
PPren lan erreforma langileak botatzeko baliatzen ari diren enpresariak salatu zituen ahaldun nagusiak, bere ahotan ohiz kanpoko hitzak diren bidez: "Egia da; ez dut izenik emango, baina erreforma baliatuta 'garbiketa' egiten ari direnen kasuak ezagutzen ditut. Irabaziak dituzten enpresak eta aldi berean enplegua erregulatzen ari direnak badira, eta hori oso gaizki iruditzen zait".