Gatzak Eusko Label sor-marka izango du

Añanako eta Leintz Gatzagako enpresek ekoiztutakoek eramango dute etiketa: 170 tona ekoiztu zituzten iaz. Zerrendara batu den hemezortzigarren produktua da.

Bi langile, Añanako gatzagetan, ostegun honetan. IREKIA
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 10a
13:41
Entzun

Eusko Label produktuen zerrendan sartu da Euskal Gatza. Izendapen hori izango dute Añanako Gatz Haraneko (Araba) eta Leintz Gatzagako (Gipuzkoa) ur gaziko iturburuetan ekoiztutako gatzek. 2020an, bi gatz enpresek 150 tona iturburuko gatz eta 20 tona gatz lore produzitu zituzten.

Euskal Gatza hainbat formatutan aurkeztuko da merkatuan, kristalezko potoetan eta kartoizko ontzietan, eta hainbat elaboraturekin osatuta: adibidez, baratxuria, pipermina, kaiena eta Proventzako belarrak.

Eusko Label zigiluaren arduradunek nabarmendu dutenez «kalitate handiko gatza da, modu jasangarrian eta artisau eran ekoitzi, sailkatu eta ontziratua». Produktuaren ezaugarriei dagokienez, azpimarratu dute Euskal Gatzak ez duela inolako tratamendu fisiko edo kimikorik, ezta gehigarririk eta trinkotzearen kontrako produkturik ere. «Bi gatzagetan, mendeetan zehar garatu duten elaborazio modu tradizionalari eusten zaio. Añanako Gatz Haranean eguzkia eta haizea erabiltzen dira gatzaren kristalizazio prozesuan, eta Leintz Gatzagan, berriz, bertako basoetako egurrekin egindako sua», gogoratu dute.

Gatzarekin batera, hemezortzi produktuk osatzen dute Eusko Label zigilua dutenen zerrenda. Honako hauek: okela, baserriko oilaskoa, esne bildotsa, baserriko txerria, hegaluzea eta hegalaburra, baserriko arrautza, esnea, eztia, Arabako patata, Gernikako piperra, tomatea, barazkiak, Ibarrako piparrak, egoskariak, oliba olio birjina estra, Arabako aleak, antxoa eta gatza. Horiez gain, Eusko Labelekin egindako produktuak daude. Etiketa hori jaso duten azkenengoak izango dira ogia eta gaztak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.