Gauez lan egiten duten taberna eta diskoteken jabeak ez daude gustura. Espainiako Gobernuak abuztuaren 14an eman zuen haien jarduna eteteko agindua, eta, ikusita bi aste geroago COVID-19 kasuek goraka jarraitzen dutela oraindik ere, argi dute ez dutela eurek eragin kutsatzeen bigarren olatua: «Gure lokalak ixteak ez du balio izan kutsaketen gorakada eteteko».
Hala adierazi du gaueko aisialdian jarduten duten enpresarien Espainia Gauez erakundeak. Neurriak ere iragarri dituzte: helegitea jarriko dute Espainiako Osasun Ministerioak hartutako erabakiaren aurka, «salatzeko gaueko aisialdiaren itxierak ez duela legezko oinarririk, ezta arrazoi epidemiologiko sendorik ere». Ostalariek argi dute zentzurik gabe estigmatizatu dutela sektorea, bakartutako kasuetan oinarrituta, eta ez dagoela daturik erakusten duenik eurak izan direla kutsatze foku nagusiak.
Horregatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean jarriko duten helegitean, erabakia bultzatu duten irizpideak erakusteko eskatuko dute ostalariek: aurkitutako foku eta kasuak, egindako PCR probak, haien jarraipena... Erabakia arduragabekeria bat dela ere esan dute, sektoreari ez zaiolako alternatibarik eskaini, ezta babes ekonomikorik ere. Uste dute Madrilek arreta desbideratzeko erabili dituela gaueko festak: «Bitartean, hirietan, egunero ikusten ditugu jende pilaketak, adibidez, garraio publikoan; sinestezina da».
Sektorearen egoera
Gaueko tabernak itxita egoteak, noski, ondorioak ditu haiengan. Datu batzuk eman dituzte: abuztuan, jada, sektoreko enpresen %23,3 desagertu ziren. Aurreikuspenak are eta okerragoak dira, eta egoerak hobera egin ezean datozen hiru hilabeteetan kopuru hori %68,9 ere izan daitekeela uste dute; horrek enplegu galera handituko luke.
Itxiera agindu baino lehen ere neurri zorrotzei men egiten ari zirela gehitu dute ostalariek; besteak beste, edukiera %33ra mugatzea, ordutegiak murriztea eta dantzalekuak ixtea.